Ostiralerako antolaturiko jolasen bueltan irekiko du Usurbil FT-k, Usurbil Cup-erako izen ematea

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 10a, 14:40


Ostiral honetatik, ekainaren 13tik 20rako tartea dute 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoek aurten iraileko lehen asteburutik azken asteburura jokatuko den txapelketan apuntatzeko. Kuota 75 eurokoa izango da. Jokalarien hiru laurdenak Usurbilgo ikastetxeetako ikasleak izan beharko dute. Argibide gehiago, Usurbil FT-k ekainaren 25erako osatuko diren taldeetako arduradunekin deituko duen guraso bileran. Bilkura ordua eta lekua, aurrera zehaztuko dute antolatzaileek. 2013-14 ikasturte honetan, maila hauetan dauden ikasleek parte hartu ahalko dute:
-LH 1-2 (derrigorrez mixtoak eta sailkapenik ez da egongo): 8-12 jokalari.
-LH 3-4: 8-12 jokalari.
-LH 5-6: 8-10 jokalari.
-DBH 1-2: 8-10 jokalari.

Jolas arratsaldea, ostiralean
Usurbil Cup txapelketan izen emateko orriak, ostiral honetan, ekainaren 13an hasiko dira banatzen, Usurbil FT-k Mikel Laboa plaza bueltan antolatu duen jolas arratsaldearen baitan. Orriok Oiardo Kiroldegian ere eskuratzeko modua izango dira. Jolasetara bueltatuta, Usurbil Cup irailean ospatuko denez, kirol ekimenak utzitako hutsunea betetzeko ekimen alternatiboa antolatu dute Usurbil FT-koek, ostiral honetarako. 3 jokagune prestatu dituzte futbol taldeko kideek Mikel Laboa plazan, 18:30etatik 21:00etara. Batean, Zumetak eginiko muralaren eta Laboaren omeneko eskultura arteko eremuan, “bi porteria txiki jarrita, 3vs3-ko partida motzak antolatuko ditugu, bi ume eta guraso batekin osaturiko taldeekin. Partidak gehienez ere, 3 minututakoak izango dira edo talde batek 2 gol sartu arte. Atezainik ez da egongo eta talde bakoitzak hiru partida baino gehiago jarraian ez ditu jokatuko. Behin partida bat jokatutakoan, zerrendan jarriko dugu berriro talde hori, hurrengo txanda egokitu arte”.

Beste bi jolas gune ere egokituko ditu Usurbil FT-k. Bat, eskultura ondoko birilgunean. “A un toke” txapelketa ospatuko da bertan. Bi gol nork sartu lehenago, hura irabazle. Eta ondoan, “teknikako zirkuitu bat jarriko dugu”. Ekimenok adin guztietako herritarrei zuzenduak egongo dira. Joko hauetan izen ematea, arratsalde pasa hasi aurretik; 18:15etatik aurrera, Mikel Laboa plazan bertan.

Aldaketa, hobetzeko
Ostiraleko arratsalde pasak urte garai honetan ospatu ohi den Usurbil Cup txapelketa ordezkatuko du. 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko kirol ekimena irailera arte atzeratu baitu Usurbil FT-k. Duela hilabete pare bat aldizkari honetan bertan berri eman genizuen moduan, aldaketa onerako izango delakoan daude antolatzaileak. Batetik, ikasturte hasierarekin egokitu baita txapelketa, ikasleak lasaiago egongo dira, eta ez ikasturte amaierako azken txanpan bezala. Eta bestalde, ikastetxez aldatu eta Usurbila ikastera datozen ikasleen kasuan, integraziorako ere egokiagoa izan liteke, Usurbil Cup irailean antolatzea. Usurbil FT-k gai hau Hezkuntza Mahaira eramana du eta hartutako erabakiaren aurrean, hezkuntza eragileen babesa dute.

Usurbil FT Eguna, ekainaren 21ean
Larunbatez eta egun osoz. Futbolari gazteen arteko jokoak, beteranoen neurketak eta klubeko zuzendaritza, entrenatzaile eta jokalariak bilduko dituen herri-afaria antolatzen ari dira iluntzerako.