Larunbatean Baionako manifestaziora joateko autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 10a, 14:49


"Giza eskubideak, konponbidea, bakea" lemapean 24 eragile desberdinek euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, larunbatean, ekainaren 14an, Baionan antolatu duten manifestaziora joateko autobus zerbitzua izango da Usurbilen. Autobuserako izena aurrez eman beharra dago, Txiribogan, Aitzagan eta Bordatxon jarri dituzten zerrendetan. Larunbat arratsaldeko 14:30etan irtengo da autobusa, Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Baionako Laugatik. Presoen sakabanatzea eta iheslarien aurkako euroaginduak amaitzea, gaixo daudenak askatzea eta 80. hamarkadan beste lurralde batzuetara espultsaturiko iheslarien itzulera eskatuko da. 

Mobilizazioak bildu dituen atxikimenduen berri izateko: nierebanoa.org/?lang=eu
Manifestaziorako deialdia: Baiona, ekainak14

Baionako manifestazioak bildu dituen atxikimenduen artean, ordezkari politiko hauena:

Pauso berri bat bakearen bidean
2011ko urriaren 17an, Aieteko konferentzia iragan zen Donostiako Bakearen etxean nazioarteko aditu talde baten eskutik, horietan Kofi Annan Nazio Batuen idazkari ohia, Euskal Herriko gatazkari konponbide bat atxemaitearen alde.

Eztabaiden ondotik, nazioarteko adituek, Euskal Herrian bake prozesu bat martxan ezartzeko 5 puntuko bide orri bat plazaratu zuten. Bide orri hortako lehen puntuari jarraikiz, Aieteko konferentziatik hiru egunera, ETAk ekintza armatu guztiak bertan behera uzten zituela iragarri zuen. Kontestu horren biharamunean, gizarte zibilak bake prozesuari adierazi dion atxikimendua ikusiz eta nazioarteko adituen bigarren puntuan iragartzen zutena kontutan izanik, ezinbestekoa da bake prozesuaren aldeko bigarren urrats bat markatzea. Horrek mobilizatzen gaitu gaur, eta ondokoa aldarrikatzen dugu:
-Kouchner legea errespetatuz, larriki eri diren presoak, horietan bereziki Ibon Fernandez Iradi, askatzea.
-Presoen hurbilketa eta bateratzea eta sakabanaketaren bukaera.
-Baldintzapeko askatasunean libratuak izan daitezkeen presoen libratzea.
-Iheslarien kontrako euroaginduekin bukatzea.
-80garren hamarkadan beste lurralde batzutara espultsatuak izan ziren iheslarien itzulera.

Euskal Herriko 24 eragile sozial, sindikal eta politikoek antolaturiko manifestaldiarekin bat egiteko deia luzatzen dugu:
2014ko ekainaren 14ean, 16:00etan, Lauga gelan Baionan.

Dei horren izenpetzaileak dira:
-Silviane Alaux, departamenduko diputatu sozialista.
-Colette Capdevielle, departamenduko diputatu sozialista.
-Jean Lassalle, departamenduko MODEMeko diputatua.
-Frédérique Espagnac, departamenduko senatari sozialista.
-Jean Jacques Lasserre, departamenduko MODEMeko senataria.
-Jean Réné Etchegaray, Baionako UDIko auzapeza; Euskal Kosta-Aturriko Hiri Elkargoko lehendakaria.
-Claude Olive, Angeluko UMP-ko auzapeza.
-Michel Veunac, Biarritzeko MODEMeko auzapeza.
-Peyuco Duhart, Donibane Lohitzuneko UMPko auzapeza, Hego Lapurdiko hiriguneko lehendakaria.
-Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapez sozialista, kontseilu nagusiko presidente ordea.
-Max Brisson, UMPko kontseilari nagusia.
-Alain Iriart, Hiriburuko EH Baiko auzapeza, kontseilari nagusia.
-Alice Leiciaguecahar, EELVeko eskualde kontseilaria.
-Bruno Carrere, Uztaritzeko auzapeza.
-Beñat Arrabit, Arrosako auzapez jeltzalea, Garazi Baigorri herri elkargoko presidentea.
-Michel Etchebest, Mauleko auzapeza.
-Jean-Michel Coscarat, Baigorriko auzapeza.
-Daniel Olcomendy, Izurako EH Baiko auzapeza.
-Leonie Aguergaray, Muskildiko auzapeza.
-Ruben Gomez, Liginagako auzapeza.