Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko udako aisialdiko ekimen honen inguruko argibideak, ostegun honetan, ekainaren 12an emango dira, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Potxoenean. Uztailaren 1etik 30era luzatuko da aurtengo Udajolas. Astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Hiru egunotan ordea, ez da Udajolasik izango; Santixabel Egunean eta herriko festetako Haurren Egunean, hau da, uztailaren 2an eta 3an hurrenez hurren. Ezta uztailaren 25ean ere, jai eguna izango baita. Aipaturikoa, Udajolasi buruzko argibide guztiak, ekainaren 12ko guraso bileran, 17:00etan Potxoenean.
Begirale taldea uztaileko aisialdiko eskaintzarako ekintzak prestatzeko lanetan murgildua dabil asteotan. Aurreko urteen moduan, haurrek primeran pasatzeko jolas, proba eta irteerak izan ditzaten lanean.
Aisialdiko ikastaroak egin dituzuenontzako diru-laguntzak
2013-2014 ikasturtean zehar Eusko Jaurlaritzak homologaturiko aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duten usurbildarrek, udal diru-laguntzak eskatzeko aukera izango dute, ekainaren 16tik 27ra, bi egunok barne. Diru-laguntzon onuradun izateko baldintza hauek bete behar dira:
-Ikastaroak irauten duen denboraren %80a Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.
Eskariak udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Eskariari dokumentazio hau erantsi behar zaio:
-Diru-laguntza eskari normalizatua (I. Eranskina).
-Eskatzailearen NANaren fotokopia.
-Matrikularen ordainagiria.
-Ikastaroan matrikulatu izanaren agiria.
-Atal teorikoa gainditu izanaren agiria (Aisialdi Eskolak egina).
-Xede bererako eskatutako edo jasotako bestelako diru-laguntzei buruzko zinpeko aitorpena. (II. edo III. Eranskina).
-IV. Eranskina: ikastaroaren ezaugarriak adierazten dituena.
Hauek izango dira banatuko diren diru-laguntzak:
-Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen %50. (gehienez ere 150 €).
Oinarrien inguruko informazio guztia hemen: Aisialdiko diru-laguntza deialdia