Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duela urtebete bere ekarpena egin zuen, usurbildar bat, Xabier Miguel Ezkerra kide duen euskal iheslarien kolektiboak. Garatzen hasiak diren bide-orri bat aurkeztu zuten, gerora eragile, erakunde eta herritarrekin partekatu dutena. Aurrerantz jotzeko borondate ona aurkitu dute bidean, baina jorratzen hasi direna bide luze baten hasiera dela dio usurbildarrak, larunbaterako Baionan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde deitua dagoen manifestazio bezpera hauetan.
Zuen ekarpena jendarteratu zenutenetik, zein izan da orain arte jorratu den bidea?
Xabier Miguel Ezkerra: Hasierako bide bat, luzea izango den bide bat. Hasieratik bagenekien irtenbide posible baten ikuspegi batetik aurkezten genuen ekarpen bat zela, borondate politiko batekin erraz aurrera egiten ahal zuela. Baina estatuen aldetik prozesu demokratiko batera heltzeko borondate politikoa ikusten ez genuenez, ondorioz sozializatu beharko genuela eragile guztiekin eta herriarekin. Miarritzeko iazko ekainaren 15az geroztik, gure bide-orria partekatzeko eragile desberdinekin biltzen hasi ginen: ordezkari politiko, sindikatu eta erakundeekin. Tresna on bat bezala ikusten zuten gure bide-orria. Baina borondate politiko hori ez dagoenez, inboluzio baten aurrean aurkitzen garenez, beraiek eta gu jabetzen ginen, herri bezala erantzun beharko genuela. Gure bide-orria horrela ikusi behar da, zenbait eragileekin garatu eta sozializatu beharrekoa, lehentasunezko erantzunak emanez. Orain arte, ezezkoa aurrez ikusi dugun inor ez dugu izan. Baiezkotik, borondatearekin defendatzera oraindik bide bat egin behar dugu.
Aipatzen duzun inboluzio egoeraren aurrean, eta hauteskundeak ospatu berri diren honetan, Europak zerbaitetan lagundu dezake?
Europan ikuspegi nahiko arrazionala dute. Laguntzeko prest egongo zen, baina garbi izan behar duguna, Europarentzat, edonorentzat, Euskal Herrian euskal herritarrek, guk ez badugu ikusten Espainiak benetako arazoa duela Euskal Herrian, kanpoan ez dute egingo guk egiten ez duguna. Prest daude laguntzeko, baina nolabait laguntza hori guk eskatu behar dugu. Noizbehinka munduko hedabideetan ateratzen diren artikuluak irakurtzen badituzue, jabetzen dira kanpoan zer gertatzen ari den hemen. Laguntzeko prest egongo ziren. Baina ez dute beraiek egingo guk egiten ez duguna. Hori ziur, inoiz. Europarentzat bi herriekin arazo bat duela ikusten duenean, orduan bilakatuko da arazoa eurentzat ere. Orduan laguntzen saiatuko da edo arrazionalatzen. Baina gakoa guk dugu.
Iheslarion egoera konpontzeaz ari garenean, bizi-baldintza gogorretan den kolektibo anitz eta sakabanatuaz ari gara?
Oso anitza eta konplexua bai ibilbidean, bai egoeretan, bai ihesaldiaren arrazoiengatik. Horrek norbere bizitza eta inguru guztikoena zailtzen du. Beste herrialde batzuetan jarraipen judiziala dutenak daude, ezkutuan bizi behar dutenak. Bizitza aurrera ateratzea egunero zaila da. Esaten dugunean presoak ekarri behar ditugula, egoera larrian ditugun kideak, esan nahi du ere bitartean erantzuna eman behar diogula bai Ameriketan daudenei, prekarietatean, segurtasun sozialik gabe, adinean aurrera doazen kideei, osasun arazo larriak dituztenei, deportatuei… Linbo batean bizi dira. Hori bizi egin behar da eta horri guztiari erantzun arrazional bat eman behar zaio. Eta gu jabetzen gara hitz egiten dugunean eragileekin, alderdiekin, zientzia fikziozko film bat ikusten ari balira bezala begiratzen gaituztela. Gero datuak emanez, errealitate gordinaz, latzaz jabetzen dira. Kide guztion egoerei konponbide bat eman aurretik, tartean irtenbide batzuk eman behar zaizkie eta horretarako etxeko eta munduko erakundeetara jo behar da.
Manifestazioa larunbatean Baionan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. “Ni ere banoa” izeneko atarian, atxikimendu anitz jasotzen ari da mobilizazioa. Zergatik joan behar genuke Baionara?
Biziki garrantzitsua da, hori ez baita beste manifestazio bat, konpromiso bat garatzen hasteko baizik. Horretan parte hartzen dute hitzordua deitu duten eragileek eta konpromisoak hartzen dituzte, exigentzia batzuk ere egitearekin batera: iheslarien aurkako euroaginduak bukatzea, espultsaturiko iheslarien itzulera…. Ekainaren 14an, Baionak beste inflexio puntu bat izan behar du. Hilaren 14an gure esku dago prozesu hau aurrera eramatea eta ondorioekin nolabait bukatzea.
“Hemen nago, baina oraindik ez naiz etorri”
Ia 40 urteren ostean, egun batzuetarako sorterrira itzuli zen Xabier Miguel Ezkerra, apirila amaieran. Herritarren aldetik jasotako harrerarekin oso hunkituta sentitu zen.
Sorterriko plazetara itzultzeko erabakia hartu zenuten martxoan. Hainbeste denbora pasa eta gero, zuretzat zer nolako etorrera izan zen Usurbilera?
Martxoan hartu genuen erabaki garrantzitsua. Gure bide-orria bultzatzeko eta beste kideak etxera ekartzeko lagungarria izango zelakoan eman genuen pauso hori. Ni, nola sentitu nintzen, ia 39 urteren ostean Usurbila itzulita? Berezia da adieraztea. Iristean, sentsazioak korapilatzen dira. Benetan zer bizi duzun geroago hasten zara ikusten. Herriaren harrera oso hunkigarria izan zen neuretzat eta ondokoentzat. Neuretzat pertsonalki oso berezia. Alabarekin Usurbilen ez nintzen sekula egon. Herritarren erdia baino gehiago ez nuen ezagutzen. Ez nik beraiek ezta beraiek ni ere. Jende bat etortzea, goxotasun horrekin ongi etorria emanez, eta esatea ez didazu ezagutuko, ni halakoen seme edo alaba naiz, ukitzen du. Lehenbizi kokatu egin behar zara, baina hori oso hunkigarria izan zen. Lau egun zoragarri izan ziren. Hor geratzeko gogoz joan nintzen. Usurbil bisitatzeko denborarik ez zidan eman.
“Hemen nago, baina oraindik ez naiz etorri” zurea da esaldia, Usurbila itzuli zinenekoa. Bizi duzun egoera ederki deskribatzen duena.
Esan nuen, gure erabakia ez zela ezeren amaiera, baizik gure bide-orriaren garapenaren hasiera. Usurbilen nengoela pauso hori eman dugula, jada ibiliko garela Euskal Herri osoan baina oraindik ez dugula bukatu, oraindik ezin dugula instalatu gure txokoan, gure herrian. Oraindik hala ibili beharko gara, maletekin. Horregatik nioen, hemen nago, baina oraindik ez naiz etorri eta esan nuen ere, guk aditz hori beste aditz batekin, ekarri aditzarekin deklinatzen dugula. Oraindik beste kideak ekarri behar ditugula eta horretarako lanean jarraitu behar dugula.
Autobusa larunbatean, Baionako manifestaziora
"Giza eskubideak, konponbidea, bakea" lemapean 24 eragile desberdinek euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, larunbat honetan, ekainaren 14an, Baionan antolatu duten manifestaziora joateko autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Autobuserako izena aurrez eman beharra dago, Txiribogan, Aitzagan eta Bordatxon jarri dituzten zerrendetan. Presoen sakabanatzea eta iheslarien aurkako euroaginduak amaitzea, presoen hurbilketa, gaixo daudenak askatzea edota 80. hamarkadan beste lurralde batzuetara espultsaturiko iheslarien itzulera eskatuko da, larunbat arratsaldeko 16:00etatik aurrera Baionan.
Atxikimendu anitz
Babes zabala jaso du larunbateko manifestazioak. Ia alderdi guztietako auzapez, diputatu eta senatariena. Departamendu mailako ordezkariena: Silviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatu sozialistena, Jean Lasalle MODEM-eko diputatuarena, Baiona, Biarritz, Angelu, Donibane-Lohitzune, Hendaia, Hiriburu, Uztaritze, Maule, Baigorri edota Muskildiko UMP, EH Bai edota sozialistak diren auzapezena ere.
Ekainak 14, larunbata
14:30 Autobusa Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik Baionara. Izen ematea: aurrez, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan.
16:00 Manifestazioa Baionan, Laugatik abiatuta, "Giza eskubideak, bakea, konponbidea" lemapean. Informazio gehiago: nierebanoa.org edo herriaduguarnas.org