Urtean zehar eginiko lanketa plazaratzeko unea heldu da. Artzabalgo pintura ikastaroko ikasleen lanak ikusgai jarriko dituzue asteburu honetan zehar, Sutegiko aretoan. Ostiralean inauguratuko dute erakusketa, 19:00etan, baina 15:30etatik aurrera zabalik egongo da. Larunbatean aldiz, 10:00etatik 13:00etara goizez, eta 17:00-20:00 artean irekiko dute arratsaldez. Igandean, 10:00-13:00 artean.
Mattin, Artzabalen
“BIOtzez BIOntzat. Bihotzetik biotzera” izena du, Santixabeletatik aurrera, uztaila amaitu arte Artzabalen ikusgai egongo den hurrengo erakusketak; Iñaki Martiarena “Mattin” artistak urmargo eta tenperaz sorturiko bilduma. Berria egunkariko larunbatetako Mantangorri gehigarrian kolaboratzen du Mattinek, Belardo belar meta ospetsuaren ibilerak marraztuz. Duela gutxi argitaraturiko “Donostia 1813-2013” komiki arrakastatsua ere berea da. Ibilbide grafiko luzeko egilea, batipat euskarazko prentsa eta haur eta gazte literaturan dihardu. Alor desberdinak jorratu ohi ditu; umore grafikoa, ilustrazioa, komikia…
Zirriborro tailerrekoen erakusketa
Santixabelen bueltan bestalde, urtean zehar Zirriborro tailerreko ikasleek eginiko lanen erakusketa zabalduko dute Sutegiko aretoan. Ekainaren 28tik uztailaren 8ra bitarte bisitatu ahalko da, ordutegi honetan; 11:00-13:00 eta 18:00-20:00 artean. Labore taldekoen lanak ere erakusgai jarriko dituzte.