Ostiralera arte, ekainaren 20ra arteko tartea dute 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoek aurten iraileko lehen asteburutik azken asteburura jokatuko den txapelketan apuntatzeko. Izen emate orriak, Oiardo Kiroldegian eskuragarri. Kuota 75 eurokoa izango da. Jokalarien hiru laurdenak Usurbilgo ikastetxeetako ikasleak izan beharko dute. Argibide gehiago, Usurbil FT-k ekainaren 25erako osatuko diren taldeetako arduradunekin deituko duen guraso bileran. 2013-14 ikasturte honetan, maila hauetan dauden ikasleek parte hartu ahalko dute:
-LH 1-2 (derrigorrez mixtoak eta sailkapenik ez da egongo): 8-12 jokalari.
-LH 3-4: 8-12 jokalari.
-LH 5-6: 8-10 jokalari.
-DBH 1-2: 8-10 jokalari.
Aldaketa, hobetzeko
6-14 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko kirol ekimena irailera arte atzeratu du Usurbil FT-k. Duela hilabete pare bat aldizkari honetan bertan berri eman genizuen moduan, aldaketa onerako izango delakoan daude antolatzaileak. Batetik, ikasturte hasierarekin egokitu baita txapelketa, ikasleak lasaiago egongo dira, eta ez ikasturte amaierako azken txanpan bezala. Eta bestalde, ikastetxez aldatu eta Usurbila ikastera datozen ikasleen kasuan, integraziorako ere egokiagoa izan liteke, Usurbil Cup irailean antolatzea. Usurbil FT-k gai hau Hezkuntza Mahaira eramana du eta hartutako erabakiaren aurrean, hezkuntza eragileen babesa dute.
Usurbil FT Eguna, larunbatean
Larunbatez eta egun osoz. Futbolari gazteen arteko jokoak goizean, beteranoen neurketak arratsalde partean, eta klubeko zuzendaritza, entrenatzaile eta jokalariak bilduko dituen herri-afaria antolatzen ari dira iluntzerako. Kalezarko San Joanetan amaituko den jaialdi luzea, ekainaren 21ean.
Jolas arratsaldea, Usurbil Cup-en ordez
Usurbil Cup irailean ospatuko denez, kirol ekimenak utzitako hutsunea betetzeko ekimen alternatiboa antolatu zuten Usurbil FT-koek, aurreko ostiralean Mikel Laboa plazan; 3x3 futbol partidak, "a un toke" txapelketa... Arratsalde pasa bikaina egin zuten ekainaren 13an.