Gipuzkoa Zero Zabor, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 17a, 14:08


Errauste planta proiektua bertan behera geratu eta hondakinen kudeaketan aro berria zabaltzearekin batera, berrantolatze prozesu batean murgildu zen Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ). Barne hausnarketa lanetan aritu da azken hilabete hauetan. Berriz kalera ateratzea erabaki dute orain, urtebeterako plangintza diseinatuta eta marka eraberrituarekin; Gipuzkoa Zero Zabor izan dena, aurrerantzean Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarte gisa ezagutuko baitugu. Donostian deitu dute aro berri honetako lehen agerraldia ostegun honetan, ekainaren 19an, arratsaldeko 18:00etan Easo plazan. 

Taldeen bat egitea
Hurrengo urtebeterako ibilbide orri bat diseinatua dute Zero Zabor mugimenduko kideek. Horretan aritu dira azken hilabete hauetan. Aurrera begirako ezaugarri, baldintzak, aukerak, eta erronkak zehazten. Eta bestalde, mugimendu barneko berrantolatze bat eman da. Orain arte GZZ barnean sortuak zeuden zero zabor talde desberdinen indarra batzea erabaki dute. Hileotako prozesutik, 80 kide dituen talde bakarra osatu dute. Gipuzkoatik haratago begira egongo dena, hondakinena gogorarazten dutenez, “mundu mailako arazoa da” eta. Horregatik, “Gipuzkoaz gaindi, taldearen jarduna Euskal Herri osora irekitzea erabaki dugu”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez. Orain arteko helburu nagusiez ahaztu gabe halere, “Zero Zabor eredua Gipuzkoan aurrera ateratzea” lehentasun estrategikoa izaten jarraitzen baitu mugimendu eraberrituarentzat.

Horrez gain, logo bera baliatuko dute etorkizunean eta taldearen bereizgarri nagusiak ere bere horretan mantenduko dituzte. “Talde arrazionala, baikorra, eraikitzailea, berritzailea, zabala, kritiko eta autokritikoa. Ezaugarri horiek gidatuko dute gure ibilbidea”, berri eman dute bilgunetik.

 

Irudiak: Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea.