Egunotarako Parekidetasun Kontseilutik antolatu duten "Gorputz moreak, gorputz askeak" izeneko zikloaren bigarren eta azken ekitaldia ospatuko da ostegun honetan, gaueko 22:00etatik aurrera Sutegin. Bertso-musikatuen saio berezia:
Ekainak 19, osteguna: Bertso-saio musikatua: "Ez da kasualitatea"
Bertsolariak: Rosi Lazkano, Odei Barroso, Uxue Alberdi, Nerea Elustondo eta Ainhoa Agirreazaldegi.
Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu.
Musikariak: Eneko Sierra eta Ixak Arruti.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Parekidetasun Kontseilua.
Gorputz moreak, gorputz askeak!
Iazko abenduaren 20an Estatuko ministro kontseiluak gaur egun indarrean dagoen abortu legearen erreformarako aurreproiektua onartu zuen; "Ernalduaren bizitza eta haurdun den emakumearen eskubideak babesteko Lege organikoa” hain zuzen ere.
Gaur egun indarrean den legeak abortatzeko epeen sistema jasotzen du, hau da, hamalaugarren astera arte baldintzarik gabe abortatu daiteke eta hortik aurrera baldintzak zehazten dira. Lege proiektua 1985ko legea baino atzerakoiagoa da eta mugimendu feministak urteetan lortutako eskubideak pikutara bidali nahi ditu. Egitasmoak epeen sistema indargabetu eta abortatzeko aukera bi kasuetara murrizten du: "beharrezkoa" denean, "amaren gorputz-osasuna edo osasuna psikikoa arriskuan egoteagatik", edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa denean. Azken kasu honetan, emakumeak gertaera salatu behar du eta lehen 12 hilabeteetan abortatu dezake soilik. Emakumearentzat haurdunaldiak “arrisku larria” badakarkio 22. astea arte abortatu ahal izango luke, baina arriskua zentro desberdinetako bi psikiatrek baieztatu beharko dute. Umekiaren malformazioak ez lirateke, lege-aurreproiektu honen arabera, abortua egiteko zergati bat. Ezarritako irizpideetatik kanpo abortuak egiten dituzten medikuentzat zigorrak ere ezartzen ditu erreformak: urtebete eta hiru urte arteko kartzela-zigorra, emakumearen baiezkoarekin egindako abortuen kasuan; eta 4 eta 8 urte arteko espetxe-zigorra, mehatxupean edo iruzurrean oinarrituta egiten bada.
Baina lege hau aurrera ateratzen bada, zer pasako da praktikan? Zein da mugimendu feministak egiten duen irakurketa? Zer egin dezakegu? Galdera hauen inguruko hausnarketa egin ahal izateko eta beste zalantza asko argitzeko “Gure gorputza, gure erabakia” izeneko hitzaldia antolatu dugu parekidetasun kontseilutik. Elena Jimenez udal sexu aholkularia eta Saioa Iraola Bilgune Feministako partaidea izango dira gure artean ekainaren 17an, arratsaldeko 19,00etan Potxoenean.
Gorputzen gaineko kontrola emakumeon ugalketaren eta gorputzen gaineko kontrola sistema kapitalista eta patriarkalaren funtzioetako bat izan da betidanik, emakumea eremu erreproduktibora mugatzeak sistema beraren onura dakarrelako eta kapital berari egiten diolako mesede. Kontrolperako mekanismoak ugariak dira; gorputzaren edertasunaren inguruko estereotipoak betetzearen derrigortasuna, gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen ukapenak, osasuntsuak behar dute izan, zuriak etab.
Bestetik, emakumezkoen gorputzen gaineko zapalketaz gain, genero-sexu sistemaren baitan eraikia izan den “emakume-gizon” binomiotik aldentzen diren gorputzak patologizatuak, zigortuak eta deslegitimizatuak izaten jarraitzen dute.
Nahi dugun identitatea eta gorputza izateko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, matxismoaren eskutik datozen eraso guzti hauek gaitzesi eta gorputz moreen aldeko aldarria egin nahi izan dugu. Gaia beste eremu batetik aztertze aldera, “Ez da kasualitatea” bertso saio musikatua antolatu dugu ekainaren 19an Sutegin, gaueko 22,00etan. Gai jartzailea Ainhoa Aranburu izango da eta bertsolariak Uxue Alberdi, Ainhoa Agirrezaldegi, Nerea Elustondo, Rosi Lazkano eta Odei Barroso. Musikariak berriz, Ixak Arruti eta Eneko Sierra izango dira. Ez da ohiko bertso saioa izango eta argi geratuko zaigu guztioi, ezer ez dela kasualitatea. Hortaz, “Gorputz moreak, gorputz askeak” zikloaren baitako ekintzotan parte hartzera gonbida luzatzen dizuegu herritar guztioi!
Usurbilgo Parekidetasun Kontseilua