Akabo, bukatu da 2013-14 ikasturtea. Ostiral honetan, ekainaren 20an 16 urtera arteko ikasleak udako oporraldian murgiltzera doaz. Merezitako atsedenaldirako ia hiru hilabete luze dituzte aurretik. Irailean itzuliko dira ikasgeletara. Irakasleek beranduxeago, ekaina amaieran agurtuko dute 2013-14 ikasturtea.
Udako aisialdi eskaintza zabala
Eta orain zer? Aisialdiko ekimen bat baino gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute, ostiral arratsalde honetatik ofizialki oporretan egongo diren haur eta gaztetxoek. Igandean, gaurtik jaietan den Kalezarren, Haurren Eguna ospatuko da egun osoz; jokoak, tailerrak, buruhandiak, txokolate jana... Txikientzako festa egun handia etzikoa. Bestalde, hurrengo astetik aurrera martxan jarriko dira udako txokoak Aginagan. Uztailean Zubietan eta Kaxkoan, Udajolas. Eta gerora Ziortzako kanpaldira joango dira baita, herriko hainbat gazte.
Gaztelekuko ekintzak
Lehenago, Gaztelekuan esaterako, udan sartuko garen larunbat honetarako, ekainaren 21erako, festa antolatu dute. Udari ongi etorria emateko jaia, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, DBH 1. mailakoentzat. Gaztelekutik hurrengo asteotarako deitu duten lehen hitzordua da. Uztaila amaiera bitarte, txapelketak, txangoak edota film proiekzioak antolatu baitituzte. Albiste honetan beherago duzue agenda osoa.
Ekintza guztion harira, zenbait ohar plazaratu dituzte Gaztelekutik. Batetik, irteeretan parte hartzeko guraso baimenak Gaztelekuan jaso beharko direla. Bestetik, hitzordu guztietarako Gaztelekua izango dela elkartzeko gunea. Eta udako egitarauari buruzko informazio gehiago, egoitzan bertan eskuratu daitekeela.
Hona hemen, datorren oporraldiari begira Gaztelekuak lotu duen agenda:
Ekainak 21, larunbata
16:00 Udafesta (DBH1).
Ekainak 23, astelehena
17:00 Pelikula (Denak).
Ekainak 26, osteguna
16:30 Futbol txapelketa (Denak).
Ekainak 30, astelehena
16:30 Oiardo Kiroldegiko tatamietara (DBH3).
Uztailak 3, osteguna
16:30 Ping Pong txapelketa (Denak).
Uztailak 7, astelehena
16:30 Pelikula (DBH1).
Uztailak 10, osteguna
13:30etatik 19:25era Donostiako irlara (DBH1).
Uztailak 14, astelehena
14:50etik 19:10era Voleibol Zarauzko hondartzan (DBH3).
Uztailak 17, osteguna
15:00etatik 19:15etara Hernaniko igerilekura (DBH2).
Uztailak 21, astelehena
12:50etik 19:05era Donostiako irlara (DBH2).
Uztailak 24, osteguna
12:50etik 19:05era Zarauzko hondartzara (DBH1).