Irudian duzuen ontzi grisean jasota atera beharko duzue erreusa aurrerantzean. Ohi bezala, igande goizetan, betiko ordutegian egingo du Udalak, birziklaezina izaten segitzen duen hondakin zati txikiaren bilketa. Orain arte ez bezala, hemendik aurrera, ontzi bidez. Organikoa biltzeko duzuen ontzi bera da, tamaina berekoa; kolorea du ezberdina, grisa baita, erreusarentzako baliatu beharko duzuen ontzia.
Usurbilgo hiri hondakinen bilketa sisteman laster batean emango den aldaketa hau, Udalak abiatu asmo duen hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berriak eragin du. Hondakinen bilketagatiko ordaindu beharreko tasa bitan zatituko dute aurrerantzean; zati finkoa izango du, denek berdin ordaindu beharreko kopurua, eta zati aldakorra, erreusa etxe atarira ateratzen dugun aldi kopuruaren arabera kalkulatuko dena. Erreusaren bilketari eragingo dio aldaketa honek. Aurrerantzean, organikoarentzako dugun antzeko ontzian atera beharko da erreusa.
Ontzi banaketa, auzoka
Ontziok ostiral honetan, ekainaren 20an hasiko da banatzen Usurbilgo Udala. Datozen bi egunotan, ostiral eta larunbatean, Oiardo Kiroldegian bideratuko da banaketa. Herritarren bizilekura gerturatu nahian, banaketa postuak auzoetan jarriko ditu Udalak. Kiroldegian, Santuenea Auzo Elkartean edota Aginagako Eliza Zaharrean. Herritar bakoitzak ondoen datorkion postu eta egunetan joan daiteke gris kolorekoa izango den ontzia hartzera. Norberak bere helbidea eman eta ontzia doan jasoko du trukean, egun, ordutegi eta lekuotan:
Ekainak 20, ostirala
18:00-20:00 Oiardo Kiroldegian.
Ekainak 21, larunbata
10:00-13:00 Oiardo Kiroldegian.
Ekainak 25, asteazkena
18:00-20:00 Santuenea 12, auzo elkarteko lokalean.
Ekainak 26, osteguna
18:00-20:00 Aginagako Eliza Zaharrean.
Ekainak 27, ostirala
18:00-20:00 Oiardo Kiroldegian.
Ekainak 28, larunbata
10:00-13:00 Oiardo Kiroldegian.
Oharra: nork bere etxeko helbidea eman eta ontzi gris bat jasoko du doan.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.