Gaztetxoentzako prestatu dieten oka joko erraldoiarekin abiatu dute Usurbil FT-koek, 2013-14 denboraldia amaitzeko ekainaren 21 honetarako antolatu duten festa egun handia. Haurrak nonahi ikusi ditugu goiz partean Kaxkoan, dadoa bota eta egokitzen zitzaien zenbakian antolatzaileek prestatu dizkieten probak gainditu nahian. Abesten, edota ariketa ezberdinak egiten ikusi ditugu. Indarrak hartzeko bazkari goxo askoa dastatzen dabiltza Askatasuna plazan. Jai giro betean.
Festa, goizaldera arte
Beteranoen txanda izan da arratsaldean. Euren arteko futbol partidak jokatu dira frontoian. Eguna amaitzeko, herri afari baten bueltan bilduko dira, Usurbil FT-ko jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak. Eta parranda giroak gero, ziur, Kalezarko jaietan jarraituko du goizaldera arte.