Herritar mugimendu handia gaur ere, erreusarentzako ontzia jasotzen

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 21a, 13:20

Jende ilara izan da gaur ere, Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegi sarreran jarri duen gunean. Atzo eta gaur artean, herritar asko gerturatu da, aurrerantzean igande goizetan erreusa etxe atarira ateratzeko baliatu beharko duen ontzi grisa jasotzera. Gogoan izan, kuboa eskuratu duzuenok, igande honetatik bertatik erabili ahalko duzuela. Uztailaren 6tik aurrera bai, derrigorrezkoa izango da ontzi hau erabiltzea erreusa ateratzeko. Etxean sortzen duzuen erreusa biltzeko ontzi grisa ahalik eta beteen duzuela ateratzea komeni da. Aurrerantzean, hondakinengatik ordaindu beharko den tasaren zati bat hain zuzen, ontzia zenbatero ateratzen duzuen, horren arabera kalkulatuko baitu Usurbilgo Udalak. 

Abiatzear den hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berriaren gako nagusietako bat izango da hori. Zero zabor norabidean, herri honek emango duen urrats berri baten atarian gaude hain zuzen. Sortzen dugun hondakinen arabera ordaintzen ere, Usurbil aintzidari izango da Euskal Herrian.

Bilketa egun gehiago
Kubo grisa jaso ez duzuenok adi, datorren astean zehar ere, kubo grisa eskuratzeko bilketa postua jarriko baitu Usurbilgo Udalak. Gerturatu, eman zure helbidea eta ontzi grisa doan jasoko duzu, egun, ordu eta tokiotan:

Ekainak 25, asteazkena

18:00-20:00 Santuenea 12, auzo elkarteko lokalean.

Ekainak 26, osteguna
18:00-20:00 Aginagako Eliza Zaharrean.

Ekainak 27, ostirala
18:00-20:00 Oiardo Kiroldegian.

Ekainak 28, larunbata
10:00-13:00 Oiardo Kiroldegian.

Oharra: nork bere etxeko helbidea eman eta ontzi gris bat jasoko du doan.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.