Erronka berria du txokoaldetarrak. Larunbat honetan, ekainaren 21ean, Swissman, muturreko triatloi proban parte hartzen ari da Suitzan, lagunekin egiten ari den opor bidaia baten baitan. Handik lagunek Facebook bidez zabaldutako argazkia duzue goikoa. Goizaldeko 5:00etan hastekoa zuen lasterketa luzea, Suitzako paraje ederretatik barrena egingo du, igerian, bizikleta gainean eta korrika. 35-40 herrialdeetako 250 lasterkarik parte hartuko dute. Alboan izango du Iñakik, berarekin hemendik joandako lagun taldea. Haien zeregina ere garrantzitsua oso; kirolaria autoz jarraitu eta animatzeaz gain, proba eta proba artean, jan edanarekin, arropa eta materialez hornitu beharko dute usurbildarra. Txokoaldekoak ikasturte osoa darama, lehiatik kanpo, larunbat honetako hitzordua prestatzen. Bidaiara joan aurretik tarte bat egin du Añorgak, NOAUA!rekin hitz egiteko.
Zer erronkarekin zoaz Suitzara?
Iazko txapeldunak 11 ordu eta laurdenean amaitu zuen proba. Nik ez dakit zenbatean ibiliko naizen. 12 orduko bueltan ibiltzea gustatuko litzaidake. Ikastera baina era berean lehiatzera noa. Ikastera, oso distantzia luzea baita, eta berria naiz honetan. Baina erabat konbentzitua nago ondo egin dezakedala eta horregatik ere, lehiatzera noa baita.
Orain arteko zure kirol ibilbideko probarik gogorrena da hau?
Proba gogorrena baino luzeena. Baita gogo gehien ditudanak ere. Proba motzetan gehiago sufritzen dela uste dut. Hemen gehiago da sufrimendu psikologikoa. Ez dakit mentalki prestatua egongo naizen, proba egun bertan ikusi beharko dugu.
Ikasturte honetan proba honetan zentratua ibili zara?
Azken urteotan duatloi probetan parte hartu ostean, txipa aldatzea erabaki nuen eta egia esan, oso ondo etorri zait. Oso gutxi lehiatu dut eta entrenatu piloa. Batez ere bizikletan kilometro piloa egiten aritu naiz, ehuneko ehunean proba honi begira. Eguna heldu da. Ez zait batere luze egin.
Prestaketa lanak hain ondo bideratzea espero zenuen?
Banekien ondo nindoala baina beti ere lasterketetan parte hartu gabe, zalantza puntua banuen. Halere, ez lehiatzeak aste eta hilabeteak azkarrago pasatzea ekarri dit. Presiorik gabe, asteburua heldu, eta dortsala jarri ordez, talde kideekin, lagunekin entrenatzen aritu naiz, eta gustura. Astean zehar ere, entrenatzeko aukera gehiago izan ditut.
Nola jabetzen zara, proba baterako prest zaudela?
Kasu honetan ez dakit, ez baitut esperientziarik halako proba batean. Badakit proba bakoitza egiteko prest nagoela. Baina hirurak batera, korri, igeri eta bizikletan, eta gainera, azkar egin behar horrekin, neure buruarekin presio pixka bat badut. Urduritasuna kontrolatu behar. Halere, prest nagoela uste dut, egin beharrekoa egin dut.
Opor bidai baten barruan parte hartuko duzu proban?
Oporretara noa Suitzara, lekuak ezagutzera. Ilusionatua nago. Probaren formatua oso gustukoa dut, oso erakargarria iruditzen zait. Banakako lasterketa izango da, baina ordubetero lagunak ikusiko ditut. Beraiek lagundu eta animatuko naute, publikorik ez baita egongo. Denon artean familia giroan egongo garela pentsatzen dut, 250 parte hartzaile bakarrik baikara. Giro polita egongo da.
250 kirolari. Hautaketa nola egin da?
6-8 profesional aukeratzen dituzte. Aukera zegoen nork bere kirol emaitza nabarmenenak bidaltzekoa. Euskal Herri mailan ditudanak bidali nituen nik. Zozketan probatu beharko nuela esan zidaten. Zozketan plaza egokitu zitzaidan. Azaroan esan zidaten barruan nengoela eta lasaitasun handia hartu nuen. Ordutik entrenatu, dena planifikatzeko aukera izan dut. Oso lasai hartu dut.
Triatloi probetan zabiltzatenontzat, proba hau opari bat dela ulertu behar dugu?
Poz handia hartu nuen proba honetan parte hartuko nuela jakitean. Iaz lehen edizioa egin zenetik joango nintzela esana nuen. Baiezkoa eman zidatenean pisu handia kendu nuen, motibaziorik gabe ikusten bainintzen. Duatloi probek jada ez zidaten hainbeste erakartzen eta.
Zer ekarpen egingo dio proba honetan parte hartzeak, zeure aurrera begirako kirol ibilbideari?
Aurtengorako bi helburu jarriak nituen; Zegama-Aizkorri, iaz asko gozatu nuelako eta Swissman proba hau. Gero uda lasai hartuko dut. Proba hau nola joaten den, zenbat sufritu edo gustatu zaidan, horren arabera, ikusiko dut beste proba bat bilatu, esperientzia hau errepikatu edo ia udazkenean duatloietara itzultzen naizen. Ez dakit.
Proba, datuetan
Eguna: ekainak 21, larunbata.
Non: Suitza.
Abiatzeko ordua: 5:00.
Probak:
-3,8 kilometro igeri.
-180 kilometro bizikletan.
-42 kilometro korrika.
Ibilbidea: Lago Maggioreko irla batetik abiapuntua. Irlatik lehorrera igerian. Bizikletan, Suitza barnealdera, Alpeak zeharkatuz. Besteak beste, hiru portu igo beharko dituzte. Lasterketa amaiera, 2.200 bat metrotan, Eiger mendi azpian.