San Joan sua herritarren bilgune gaur, urteko gau magikoenean

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 23a, 12:02


Nonahi piztuko diren sutzarrek argituko dute, urteko gau bereziena dugun San Joan bezpera hau. Usurbilen, Aginagan, Zubietan, inguruotako landa eremuan ere hainbat sutzar piztuko dira. Zalantzarik gabe ordea, herritar gehien batuko dituena Kalezarko jaien baitan, gaur gaueko 22:00etan, garai bateko Garbigunean, Pikaolan piztuko dutena izango da. Bertsolari eta trikitilariek girotuko dute ekitaldia. Eta bertaratuko diren herritarrek noski. 

San Joan sua, Jai Batzordeko kideek eta deialdira gerturatuko diren gainerako lagunek, arratsaldeko 15:00etan auzoko elkartetik abiatuko duten eskearen baitan piztuko da. Kalezarrentzako urteko festa egun bereziena, tradizio luzeena izango duen jaietako ekitaldia dugu San Joan eskea. Ekainaren 23ko erronda abiatzeko aurten, astelehen arratsaldeko 15:00etan elkartean bilduko dira eskean irtengo direnak, bertsolari eta trikitilariekin. Uribetarren etxea, Txara, Troia, Ibarrola aldeko bidean dauden eraikinetatik barrena egingo dute erronda. Pozik asko gainera, Jai Batzordetik gogorarazten dutenez, “ongi etorri beroa egiten digute eta, sagardo botila eta guzti”.

Kalezarren bakarrik ez, Kaxkora ere jaisten dira San Joan eskean. Aurten, ohi baino goizago, berrikuntza bat txertatu baitute ibilbidean. Arratsaldean ibiliko dira Kaxkoko tabernetan eta ez orain arte bezala, afalostean. Gero bapo eta goiz jatera doaz Saizar jatetxera. 22:00etan Pikaolan egon beharko dute eta puntual, sua pizteko prest.

Sua Pikaolan
Garbigunea Atallura lekuz aldatu zutenetik, iaztik Pikaolara itzuli ziren San Joan sua piztera. Aurten bigarren urtez jarraian, ekainaren 23an, 22:00etan berrituko dute ohitura zaharra, gune berean. Auzotarrak eta herriko beste hainbat lagun bilduko ditu gau magikoak. Auzoko festak izan arren, herri erdiguneko herritar gehien erakartzen duen sua baita Kalezarrekoa.  

Belaunaldi berriaren esku
Trikiti eta bertso artean joango den ekitaldia ospatu ostean, Kaxkorantz joango dira berriz eskean irtendakoak, Andatzpe elkartera. Bertan San Joan bezperan afaltzeko biltzen den lagun talde bat egoten omen da. Han ere “beti gara ongi etorriak” diote Jai Batzordetik. Kalezarko bizilekuetatik barrena eginiko errondarekin amaituko dute, goizaldeko ordubiak aldera, “kalezartarrentzako urte guztiko festa esperatuena. Festa giroko tradizioa”, Jai Batzordetik berri eman dutenez. Gazte eta heldu, “kalezartar guztiontzako den festan” parte hartzera animatzen dute antolatzaileek. Belaunaldi berriek hartu dute lekukoa San Joan eskean, eta ahal duten neurrian, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura bizirik mantentzeko konpromisoari eusten diote. 

Abisu horia gaurko ere
Azken urteotan sua pizteko arazorik ez dute izan Kalezarko Jai Batzordekoek. Ia aurten ere berdin gertatzen den. Azken egunotan eguraldi nahasi samarra dugu eta badirudi, ildo beretik eutsiko diola astelehen honetan ere. Asteburu osoan bezala, gaur ere abisu horiaren eraginpean egongo omen gara 15:00etatik gauerdira, "prezipitazio handiagatik". Euskalmet-en arabera, "arratsaldean eta gauean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko probabilitatea handia da". Ia sua pizteko unean ateri eusten dion.

Asteburuko ajea pasatzeko tarterik ez da Kalezarren. San Joan bezperako eta San Joan Eguneko ekitaldiak ospatuko dira, astelehen eta astearte honetan:

Ekainak 23, astelehena: San Juan Bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua. 
Ondoren, eskearen jarraipena.

Ekainak 24, asteartea: San Juan Eguna
11:30 Meza Nagusia.

Ondoren, toka.

13:00 Gorritiren Showa.

17:00 Buruhandiak. 

19:00 Soka Dantza.

Ondoren, sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.