Santixabeletan Kilometroak 2015 txosna jartzeko bilera 18:30etan, Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 25a, 13:12


2015eko urrian Usurbilen ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko festa egun handirako beroketa lanak abian dira. Uztailaren 1etik 6ra izango ditugun Santixabelen baitan, Kilometroak 2015 txosna jarriko du Udarregi Ikastolak Askatasuna plazan. Txosnan lagundu nahi duen orok, izen emateko aukera du jada ikastolan bertan jarri duten zerrendan. Behar beste argibide eta informazio emateko bestalde, bilera deitu dute asteazken honetarako, ekainaren 25erako, arratsaldeko 18:30etan eraikin gorriko erdiko aretoan. "Bertan informazio orokorra emango da eta komenigarria da, gutxienez txanda bakoitzeko pertsona bat etortzea", ohartarazi dute ikastolatik. Bilkuran parte hartu eta txosnan laguntzeko apuntatzera animatzen dituzte herritarrak. "Oraindik izena eman ez duzuenoi, gonbitea egin nahi dizuegu. Giro polita izango da eta lana egiteaz gain, ondo pasako dugu! Animatu eta egin diezaiogun tarte Kilometroak 2015 festari aurtengo Santixabeletan!", adierazi dute.

Auzolanerako deia ostiralean
Amaitu dira, Agerialde ondoan kokaturiko eraikin berriko lanak. Datorren 2014-15 ikasturterako espazioen berrantolaketa egin behar da orain. Lanotarako laguntza behar du Udarregi Ikastolak. Guraso, ikasle eta animatzen den herritar ororena. Hitzordua ostiral goiz honetarako jarri dute, ekainaren 27rako, 9:30etan Udarregi Ikastolako eraikin gorrian.

Batzordeetan parte hartzeko izen ematea irekita
2015ean Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdirako eta egun horren aurretik, urtean zehar bideratu beharko diren prestaketa lan eta ekimenetarako herritarren laguntza behar du Udarregi Ikastolak. Hainbat lan batzorde osatu asmo dituzte, ardura hauei guztiei heltzeko. Albiste honetan beherago zerrendatuak ageri diren taldeetan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Lanean hasteko izen emateak zabalik jarraitzen du. udarregi.com atarian. Bertan dagoen apuntatzeko inprimakia beteta eman dezakezue izena. Edota Udarregi Ikastolako idazkaritzara deitu, 943 36 12 16 telefono zenbakira. 

Honako hauek dira, Usurbilgo Kilometroak 2015 jaialdia antolatzeko osatu nahi diren lan taldeak eta taldeotako bakoitzak izango dituen zereginak:
· Ekonomia: komertzialak eta ideia eta ekimen handiko jendea (kontuak eraman eta, batez ere, dirua lortzeko egitasmoak antolatu).
· Salmenta: dendan saltzaile izateko, biltegiko materialaren kontrola eramateko eta egun berezietan eta asteburuetan irteerak, Gipuzkoako herrietan salmenta postua jartzeko.
· Osasuna/prebentzioa: erizainak… (asistentzia eta larrialdiak).
· Garbitasuna: ekitaldi eta eguneko garbiketa lan-taldeak osatu, komunen gestioa… (urte osoan zehar eta egunean bertan).
· Komunikazioa: web orria, aldizkaria, komunikabideekin elkarlana, kartelak, argazkiak, eguneko megafonia.
· Zirkuitoa: ibilbidea zehaztu, beste lan-taldeekin koordinatu.
· Trafikoa: udaltzainak, segurtasun arduradunak, garraiolariak, … (seinaleak, aparkalekuak, autobusen antolaketa).
· Muntaketa: argiketariak, igeltseroak, iturginak, kamioilariak… (dendako konponketak, karpak, barrak, eskenatokiak muntaketa…).
· Ikuskizunak: ikuskizunetan aritzen den jendea, teknikariak… (urtean zehar eta eguneko egitaraua zehaztu).
· Txosnak: tabernariak, sukaldariak…(antolaketa, jakiak eta edariak zehaztu, eskariak egin…).
· Giza baliabideak: beharrak zehaztu eta izen-emateak bideratu.
· Protokoloa: erakundeetako ordezkaritzarekin harremanak.
· Segurtasuna: segurtasun plana.
· Ikasle Batzordea: 18 urtetik beherakoekin osatutako batzordea, ekimen ezberdinak.
· Erronka: Gipuzkoako Ikastoletako DBH3 eta DBH4 mailetako gazteentzako lehiaketa antolaketa.

Egin klik, Orioko Kilometroak laguntzeko
Martxan da, urrian Orion "Erria Txikota!" lemapean ospatuko den Kilometroak jaialdia laguntzeko Klikmetroak elkartasun ekimena. Laugarrenez abiatu duten egitasmoaren helburua, datorren Kilometroak jaialdirako babes ekonomikoa lortzea da. Sartu klikmetroak.kilometroak.net atarian, eta bertan agertuko zaizuen Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiko 5.632 metroko zirkuitu birtualari ahalik eta bira gehien ematea nahi dute antolatzaileek. Milaka herritarren parte hartzea eskatzen du ekimenak. Egitekoa erraza da; Klikmetroak egitasmoko web orrian sartu, norberak bere metroan klik egin eta e-posta, izen abizenak, argazkia eta gehienez 250 karaktereko mezua idatzi dezala. Bisitari bakoitzak eginiko ibilbideko metro bakoitzeko babesleek ekarpen ekonomikoa egingo dute 2014ko Kilometroak jaialdiaren alde. Herritar, merkatari, elkarte, nahiz enpresen laguntza sustatu nahi dute modu honetan.

Klikmetroak egitasmoaren nondik norako gehiagoren berri, Kilometroak aldizkariaren lehen zenbakian jaso ahalko duzue. Aste amaierarako, www.kilometroak.net/aldizkaria atarian ikusgai izango duzue. Papereko edizioan, Gipuzkoa osoan banatuko diren 25.000 ale prestatu dituzte. Kilometroak aldizkariaren bigarren zenbakia, irailean argitaratuko dute. 
Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.net edo kilometroak.net