Udal diru-laguntzak eskatzeko aukera dute, ikasturte honetan euskara ikasten aritu direnek

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 25a, 11:19


2013-14 ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrek, udal diru-laguntzak eskatzeko aukera dute, ekainaren 25etik uztailaren 9ra. Eskabideak udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Horretarako, Usurbilen erroldatuak egon beharko dute, klaseen %80ko asistentzia izatea ere ezinbestekoa izango da eta gutxienezko aprobetxamendua ziurtatu beharra izango da. Ikaslearen lan egoera eta ikasketa mailak aintzakotzat hartuko ditu Udalak, diru-laguntzok ematerakoan. Gehienez 500 euroko laguntzak izango dira:

Ikasle arrunta

-Gehienez ere matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko baliokideak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak, beti ere.

-Gehienez ere matrikula kostuaren %60ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa baino gehiagoko ikasketak edo HABEren 2. maila baino gorakoak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

Ikasle langabetua

-Gehienez ere matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko baliokideak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

-Gehienez ere matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa baino gehiagoko ikasketak edo HABEren 2. maila baino gorakoak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

Behar ekonomiko berezidun euskara ikasleentzako deialdia, uztailean
Euskaltegiko hurrengo ikasturteko matrikulazio kostua aurreratzea helburu izango du udal diru-laguntza honek. Datorren 2014-15 ikasturtean euskara ikasi nahi izan eta behar ekonomiko bereziak dituzten ikasleei zuzendua egongo da. Deialdia uztailaren 1ean jarriko du martxan Usurbilgo Udalak. Eskabideak aurkezteko bi asteko tartea izango dute interesdunek, uztailaren 15era arte. Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdi orokorreko oinarri berak aplikatuko dira kasu honetan.

AEK-k, udan oporrik ez
Datozen opor hilabete hauetan euskara ikasi edo hobetu nahi duenak, zabalik izango du AEK. 100 orduko ikastaroa egiteko aukera egongo da; uztailean 60 ordu, irailean beste 40 orduak. Lehen, bigarren eta hirugarren hizkuntza eskakizunak edo EGA prestatzeko klaseetarako ere izena eman daiteke. Uda partera begira, bi asteko barnetegiak, familia barnetegiak eta barnetegi ibiltariak ere antolatzen ditu AEK-k. Informazio gehiago: 607 609 379, usurbil@aek.org, aek.org, muntteri.blogspot.com.es