Espainiako Koroari zilegitasuna ukatzeaz gain, benetako haustura demokratiko bat egotea, euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea eta honetarako Euskal Herriko eragile eta herritarrekin elkarlana bideratzea eskatzen du, Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren harira, Usurbilgo EH Bilduk atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen mozioak. Koalizioko kideek babestu zuten testua, PSE-EEko ordezkaria abstenitu zen eta Hamaikabat taldeko ordezkariek bozketan ez partzea erabaki zuten. EAJ-PNV-ko ordezkaria ez zen egon atzoko osoko bilkuran.
Hona hemen, mozioak hitzez hitz dioena:
Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioaren aurrean
Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioa, Frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzionalaren krisi sakonean beste urrats bat gehiago izan da. Kolpe Militar Frankista eman zutenek, beraien jardunaren inolako ardura zein ondoriorik nozitu gabe, eta zituzten pribilejio eta botere guneak mantenduz, "lotuta eta ondo lotuta" utzi zuten Estatu botereen etorkizuna. Estatuaren zatiezintasuna aldarrikatuz eta hori hala izan zedin armadari berme funtzioa emanaz itxi zuten erreforma. 1978ko Konstituzio espainiarra, zeinaren ondorioz Juan Carlos Borboikoa Estatu Buru gisa geratu zen, Euskal Herriak ez zuen onartu. Euskal Herriak uko egin zion konstituzio horri, besteak beste, herri gisa etorkizuna libreki eraikitzeko eskubidea ukatzen zigulako eta benetako haustura demokratikorik ez emateaz gain, Hego Euskal Herria bi eremu administratibotan zatitzen zuelako. Frankismoaren amaieratik eratorritako eredu politiko-instituzional espainiarrak, demokrazia eza, gure herriaren ukazioa eta diktadura frankistarekiko haustura demokratiko eza ordezkatzen ditu.
Eredu politiko hau ordea, ez da gai izan Espainiako estatuaren menpeko herrien zein Estatuko herritarren aldarrikapen demokratikoak geldiarazteko. Gero eta nabarmenagoak eta indartsuagoak dira, estatu espainiarreko nazioek beraien etorkizunaren jabe izateko egindako aldarrikapenak. Atzeraezinezko prozesuak ari dira eraikitzen. Herriak, herritarrak eta eskubide demokratikoak protagonista diren prozesuak hain zuzen ere. Bitartean, eredu politiko-instituzional honen krisiaren adierazle argia da, PP eta PSOEk, eta ordezkatu duten bipartidismoaren zilegitasun eta sinesgarritasun krisia.
Testuinguru horretan eman da Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioa. Eta egoera honen aurrean, bistan da, ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako marko politiko eta juridiko honi iraunarazteko itxuraldaketa operazio baten aurrean gaudela. Juan Carlos Borboikoaren abdikazioak ordea, ez dakar aldaketarik bere baitan: herrien ukazioan oinarrituriko eredu politiko-instituzionala ez baita gainditu.
Erreforma inposatu zenean irekita zeuden gatazka politiko guztiak bere baitan mantentzen dira eta Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioarekin batera, 1977an abian jarririko Frankismoaren Erreformaren fasea amaitzea beharrezkoa da. Hori da herri honen aldarrikapena. Abdikazioaren aurrean, benetako haustura demokratikoa emateko unea da. Herrien eta herritarren eskubideak gauzatu ahal izateko. Espainiako herritarrek beraien sistema politikoa erabakitzeko erreferendum-a egitearen alde gaude. Baina Euskal Herria ez da eztabaida horren subjektua. Euskal Herritarrok gure erabakiak geuk hartzeko dugun eskubidearen errespetua aldarrikatzen dugu, etorkizunean libreki gure egitura politikoa eraiki ahal izateko. Herriok dugun erabakitzeko eskubidearen gauzapena nola egingo den erabakitzeko unea da.
Honen guztiaren aurrean, Usurbilgo Udalak honako adierazpen hau onartzen du:
Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioaren aurrean, Usurbilgo Udalak benetako haustura demokratiko baten aldeko aldarrikapena egiten du, Euskal Herritarrok gure herriaren etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatuz. Era berean, herri honek ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroaren inongo ordezkariri.
Bizi dugun egoera politikoaren aurrean, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko helburuarekin lan egiteko deialdia luzatu nahi diegu Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu, eragile eta herritarrei.