Santixabeletako egitaraua, eskuragarri duzue jada sarean

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 25a, 13:13

"Labetik" atera berri du Jai Batzordeak. Hemen duzue, Usurbilgo Udalaren eta Usurbil Kultura web orrialdeetan zintzilikatu berri duten Santixabeletako egitaraua, oso-osorik. Uztailaren 1etik 6ra egunez egun Usurbilen ospatuko diren jaien berri hemen: Santixabelak 2014 

Gogoan izan, papereko edizioa, ostiral honetan bertan, ekainaren 27an banatuko duela etxez etxe, Usurbilgo Udalak. Egitarauko diseinua, Jai Batzordeak deituriko txapelketan erabaki zen. Zaloa Arnaiz Ibarguren herritarrak irabazi zuen lehia. Berea da hurrengo asteko jaien berri emango digun programaren diseinua. 

NOAUA!rako elkarrizketa eskaini digu Zaloak:

Ikurriñari merezi duen lekua egin diot egitarauan
Ikurriñak merezitako tartea duen Santixabeletako egitarau garbi, irakurterraz eta erabilgarria esku artean izango duzue asteburu honetan. Ostiral honetan, ekainaren 27an Usurbilgo Udalak banatuko duen ekitaldien gida, Zaloa Arnaiz Ibarguren, jaietako egitarau diseinu txapelketako irabazlearena da. Diseinua du ogibide, baita zaletasunetako bat ere. Lerrootan aitortu digun moduan, ikusi bestela datozen jaietan. Kalean topatuko duzue Zaloa, urtean zehar hainbat ekitalditan bezala, jaietako “uneak” erretratatzen eta bideoz jasotzen.


Aurtengo diseinua eskutan hartzen badugu, ikurrina omentzen duen egitaraua dela esan genezake?
Zaloa Arnaiz Ibarguren: Azken urtean usurbildarrok ikurriñari merezi duen omenaldi keinu ugari egin dizkiogu, gurea sentitzen dugun ikurra zein den argi adieraziz. Egitaraua horietako beste keinu bat da, azalean eta kontrazalean kolore zuri-gorri-berdeak azpimarratuz. Nik argi daukat nongoa naizen, zein diren gure ikurrak eta beraz, pasa den urteko jaietako argazkiekin batera, ikurriñari merezi duen lekua egin diot egitarauan.

Testua eta irudia, sarri harreman gatazkatasua. Nola kudeatzen du diseinatzaile batek, testua eta irudia euskarri batean uztartzeko lana?
Irudiak  eta testuak bateratu behar direnean maiz zailtasunak izaten dira. Irudiak garrantzia du beti baina testua lagungarri denean,  hau modu garbian, irakurtzeko modu egokian landu behar da. Askotan emaitza polita lortzea baino funtzionala izatea lehenetsi behar izaten da.

Emaitzarekin gustura?
Gustura bai, egitarau garbia eta irakurterreza izatea lortu dudala uste dut.

Egitarau eramangarri bat sortu duzu. Zertan, norengan pentsatzen da horrelako sormen lan bat abiatzerakoan?
Praktikotasunari heldu diot. Eskuetan ondo erabili eta bereziki erraz irakurri daitekeena izatea. Inongo konplexutasunik gabe eta erraz erabili daitekeen liburuxka txikia da.

Zure egitaraua herritarrek nola erabiltzea nahiko zenuke?
Bakoitzak nahi duen bezala; erosoen etortzen zaion moduan, poltsan , poltsikoan…

Lehiaketa aurrez gehiagotan irabazia zara. Nolakoak dira saritu izan dituzten zeure diseinu lanak?
2007an irabazi nuen Santixabeletako egitarauaren lehiaketa eta hura ere tamainuz txikia zen. Bi ezaugarri amankomun azpimarratuko nituzke: argazki asko eta kolore biziak. Argazkilaritzari afizio handia diot (batzutan gehiegizkoa je,je,je) eta normalean aurreko urteetan ateratako jaietako argazkiak sartzen ditut. Koloreari dagokionez berriz, jaiek trasmititzen duten alaitasuna adierazteko, kolore indartsuak eta biziak lantzen ditut.

Urte gutxitan, teknologia berrietan eman den iraultzak zer nola eragin du diseinu munduan?
Diseinu munduan aldaketak asko eman dira eta jarraitzen dute. Arte  Ederretako ikasketak egin nituenean, fakultatean zein etxean ez nuen ordenagailurik, dena eskuekin zuzenean egiten nuen: marraztu, bozetoak egin, argazkiak eskuz tratatu…. Internet eta diseinu programen ezagutza ez nuen. Materialekin zuzeneko harremana nuen eta hori pixkanaka baztertzen joan naiz. Lanbidez ezinbestean ordenagailua aurrean egotea tokatu zait eta horrek beste bide batzuk jorratzera eraman nau.  Gaur egun ordenagailu gabe biluzik egongo banintz bezala sentitzen naiz. Mugikor-tabletak ere bere sarrera egin dute diseinu munduan eta horiek ere eskuartean izaten ditut maiz.

Halako garaipenek lehiaketan parte hartzen segitzera motibatuko zaituzte noski?
Dudarik gabe. Tartetxo bat hartu besterik ez da egin behar eta irudimenari bide eman. Urteetan ikasitakoa bizirik mantetzea eta praktikan jartzea laguntzen dizu eta nola ez, besteengandik ikasteko aukera ere.

Zer nolako plana duzu Santixabeletarako?
Lagun eta senideekin ospatu asmo dut. Han eta hemen bazkari edo afaririk ez da faltako eta urteroko betiko hitzorduetan ez huts egitea espero dut. Eta nola ez, klik eta klik argazkiak ateratzen ikusiko nauzuela ez dudarik egin (je,je,je). 


Irudia: Zaloa Arnaiz.