Aisialdiko udal diru-laguntzak eskatzeko azken eguna ostiral hau

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 26a, 08:10


2013-2014 ikasturtean zehar Eusko Jaurlaritzak homologaturiko aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duten usurbildarrek, udal diru-laguntzak eskatzeko epea, ostiral honetan, ekainaren 27an itxiko da. Diru-laguntzon onuradun izateko baldintza hauek bete behar dira:
-Ikastaroak irauten duen denboraren %80a Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. 

Eskariak udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Eskariari dokumentazio hau erantsi behar zaio:
-Diru-laguntza eskari normalizatua (I. Eranskina).
-Eskatzailearen NANaren fotokopia.
-Matrikularen ordainagiria.
-Ikastaroan matrikulatu izanaren agiria.
-Atal teorikoa gainditu izanaren agiria (Aisialdi Eskolak egina).
-Xede bererako eskatutako edo jasotako bestelako diru-laguntzei buruzko zinpeko aitorpena. (II. edo III. Eranskina).
-IV. Eranskina: ikastaroaren ezaugarriak adierazten dituena.

Hauek izango dira banatuko diren diru-laguntzak:
-Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen %50. (gehienez ere 150 €).

Oinarrien inguruko informazio guztia hemen: Aisialdiko diru-laguntza deialdia

Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia
2013-14 ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrek, udal diru-laguntzak eskatzeko aukera dute, asteazkenetik, ekainaren 25etik uztailaren 9ra. Eskabideak udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Horretarako, Usurbilen erroldatuak egon beharko dute, klaseen %80ko asistentzia izatea ere ezinbestekoa izango da eta gutxienezko aprobetxamendua ziurtatu beharra izango da. Ikaslearen lan egoera eta ikasketa mailak aintzakotzat hartuko ditu Udalak, diru-laguntzok ematerakoan. Gehienez 500 euroko laguntzak izango dira:

Ikasle arrunta

-Gehienez ere matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko baliokideak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak, beti ere.

-Gehienez ere matrikula kostuaren %60ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa baino gehiagoko ikasketak edo HABEren 2. maila baino gorakoak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

Ikasle langabetua

-Gehienez ere matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa edo HABEren 2. maila arteko baliokideak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

-Gehienez ere matrikula kostuaren %80ko diru-laguntza jasoko du: Euskaltegiko 109. urratsa baino gehiagoko ikasketak edo HABEren 2. maila baino gorakoak diren ikasketak gainditu dituen ikasleak.

Behar ekonomiko berezidun euskara ikasleentzako deialdia, uztailean
Euskaltegiko hurrengo ikasturteko matrikulazio kostua aurreratzea helburu izango du udal diru-laguntza honek. Datorren 2014-15 ikasturtean euskara ikasi nahi izan eta behar ekonomiko bereziak dituzten ikasleei zuzendua egongo da. Deialdia uztailaren 1ean jarriko du martxan Usurbilgo Udalak. Eskabideak aurkezteko bi asteko tartea izango dute interesdunek, uztailaren 15era arte. Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdi orokorreko oinarri berak aplikatuko dira kasu honetan.