Bularreko minbizia prebenitzearen inguruko solasaldia astelehenean

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 26a, 08:00


Ekainaren 30ean, arratsaldeko 17:30etatik aurrera Potxoenean. Kattalin bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako emakumeen elkarteak eta Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuen sailak antolaturiko hitzaldia, bularreko minbizia prebentzioaren ingurukoa izango da. Kattalin elkarteko lehendakari Charo Beobidek eta Arrate Plazaola medikuak parte hartuko dute hitzaldian.

Odol ematea, jaien ostean
Bi hilean behin, hilabeteko lehen astelehenetan izaten da odola emateko aukera Usurbilen. Datorren saioa uztailean egokitzen da. Uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Santixabelen ostean, hilaren 7rako jarri du hitzordua Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Ohiko ordu eta lekuan; 18:00-20:30 artean, anbulatorioan.

Oinarrizko bihotz-biriken suspertzeari buruzko ikastaroa
Uztailaren 7an hasita bi egunez, 10:00-12:30 artean, DYAk Munalurra 26an duen egoitzan. Teoria eta praktika uztartuko dituzten saioon bidez, “bihotz-arnasketako geldialdia identifikatzen, oinarrizko bihotz-biriken suspertze (BBS) mugimenduak burutzen eta DEA (Kanpoko desfribiladore automatikoak) erabiltzen ikasten da”. Ikastaroan parte hartu ahal izateko aldez aurreko ezaguerarik izatea ez da beharrezkoa izango. Matrikulazioa 90 euro, eskuliburua barne. Ikasle kopurua mugatua izango da. Aurrez eman beharko da ikastarorako izena, 943 46 46 22 telefono zenbakira deituta.