Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, laster Bake Epaitegiko langileak 3. hizkuntza eskakizuna bete beharko duela jakinarazi berri dio Usurbilgo Udalari. “Lanpostuen zerrendak aldatzeko izapideak eginda, laster argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bake epaitegien lanpostuen zerrenda aldatzeko dekretua. Dekretu horren eranskinean, prozesu eta kudeatzaile lanpostu bat sortuko da, 3. Hizkuntza eskakizuna du ezarrita eta derrigortasun data igarota dauka. Hortaz, argitaratu eta hurrengo egunetik postu hori beteko duen funtzionarioak 3. hizkuntza eskakizuna beteta eduki beharko du”. Horixe hitzez hitz, Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak Usurbilgo Udalera bidaliko jakinarazpenak dioena. Beste modu batean esanda, laster, Usurbil eta Orioko Bake Epaitegietan, orain arte ez bezala, euskarazko zerbitzua bermatua egongo dela.
Betetzear da honenbestez, Usurbil eta Orioko Udaletako alkateek, eta UEMAko lehendakariak euskaldunon hizkuntz eskubide urraketa hau bideratzeko iaz egin zuten eskaera.
Ez zekien euskaraz
Euskaldunoi hizkuntz eskubideak urratzen segitzen dute eguneroko bizimoduan, zenbaezinak diren hainbat eta hainbat egoeretan. Azken adibidea, Bake Epaitegian izan dugu. Bertako idazkari titularrak erretiroa hartu eta haren ordez, langile berri bat hasi zen lanean iaz. Lanean hasitako langileak ordea, ez zekien euskaraz. Eta honenbestez, Bake Epaitegira joandako herritarrari ezin zitzaion euskaraz zuzendu. Beste modu batean, usurbildarrek bertako zerbitzua euskaraz jasotzea ez zuten bermatua. Horrelakoak, Usurbil bezalako udalerri euskaldun batean gertatzea posible da egun, eta hala izaten jarrai zezakeen, legediak ere ez baitzuen inolako bermerik eskaintzen. Indarrean zegoen araudiaren arabera, Bake Epaitegiko idazkari lanpostu horretan lanean jardungo zuenak ez zuen zertan euskara jakin behar, 2015eko urtarrilera arte. Egoera beraz argia zen. Usurbildarren hizkuntz eskubideak urratuak izan dira beste behin; administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea hain zuzen. Bai usurbildarrena, baina baita oriotarrena ere. Bi udalerriok Bake Epaitegietarako Idazkaritza bakarra osatzen baitute, "1992ko Justizia Ministerioaren agindu baten arabera".
Euskarazko zerbitzua bermatzeko exijentzia udaletatik
Egoera honen berri jasoa zuen Usurbilgo Udalak eta erantzun zuen baita. Mertxe Aizpurua alkateak, Orioko Udaleko alkate Beñat Solaberrietak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari Maren Belastegik, gutun bana helarazi zieten iazko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzari, Arartekoari, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari eta Elebideri. Eskabide argi bat egiten zioten erakunde guztioi; "Gure herritarrek justizia administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta, Usurbilgo eta Orioko Bake Epaitegietan oinarrizko eskubide hori berma dadin behar besteko neurriak jartzea".
Eskabide hau betetzea exijitzen zuten bai Usurbil eta Orioko Udalek, baita UEMAk ere. Bi udalerriotako biztanleriaren hiru laurdenetik gora euskaldunak direla gogorarazten zuten, eta gutunak jasotzen zuenez, "udalok sarri aldarrikatu dugu euskaraz naturaltasunez bizitzeko nahia".
Legediak dioena ere nabarmentzen zuten, zehazkiago esanda, 10/1982 Euskararen Oinarrizko Legeak euskal herritarrei aitortzen dien eskubidea: "Arduralaritzarekin eta Autonomia Elkartean kokatutako edozein ihardutze Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea" hain zuzen. Eta urte luzez, gai honekiko azaldu duten kezka ere jasotzen duen dokumentazioa erantsi zioten gutunari. Ez baita kontu berria. Hizkuntz eskubideen urraketak atzetik datoz. Orain heldu da Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren erantzuna. Laster, Usurbil eta Orioko Bake Epaitegiek bermatua izango dute euskarazko zerbitzua. 2015eko urtarrilera arte itxaron beharrik izan gabe.