Donostiako Nazioarteko Triatloia Usurbildik igaroko da, igande goizean

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 27a, 09:00


Onditz Memoriala, Donostiako nazioarte mailako triatloi beteranoenetarikoa ospatuko da igande goizean. Euskal Herriko triatloi zirkuiturako baliogarria izango den proba Usurbildik igaroko da. Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak egongo dira jokoan, Club Atletico San Sebastianek, Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolaturiko hitzorduan. Eta adi, autoa hartu behar duzuenok, N-634 errepidea itxita egongo baita 10:00etatik 11:30etara, Orioko noranzkoan.

Ibilbidea: hiru proba, batean
1,5 kilometro igerian: Kontxako badian.
40 kilometro bizikleta gainean: Donostiako Londres Hoteletik, Kontxako pasealekua, Antiguo, Berio, Zuhatzu eta Anorga Txiki zeharkatu ostean, N-634tik barrena, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dute kirolariek. Oriora heldu, Mendizorrotz Orioko Bentatik igo eta Igeldotik behera, Donostia erdigunera itzuliko dira.
10 kilometro korrika: Kontxako pasealekutik Real Club de Tenis arte. Han itzulia eman ostean, Atletico San Sebastianen egoitzara. Bertan beste hiru itzuli eman eta Vinuesa Plazako helmugara.

Errepidea, moztuta
Triatloi proba hau dela eta, adi igande goizean autoa hartu behar duzuenok. Goizeko 10:00etatik 11:30etara itxita egongo da Usurbil alderik alde zeharkatzen duen N-634 errepidea, Errekaldetik Oriorako noranzkoan. Donostia alderako bide zatia zabalik egongo da. Orio edo Zarautzera joan behar duzuenok beraz, lehenbizi Belartzara joan eta A-8 autopistatik barrena kostaldeko bi udalerriotarako bidea egin beharko duzue. Honez gain, "Orion, Txankako aldapa itxita egongo da gorako zentzuan, baita Igeldorako igoera ere. Barkatu sortuko diren trafiko eragozpenengatik", ohartarazi dute antolatzaileek.