5 urte Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga atxilotu zituztenetik, elkarretaratzea 20:00etan

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 27a, 09:30


5 urte bete berri dira, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrak atxilotu zituztenetik. Bosgarren urtemugaren harira, deialdi berezia egin dute Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik, ekaineko azken ostiral honetarako. Elkarretaratze berezia gaur, euskal preso eta iheslarien eta euren senideen eskubideen errespetua eskatzeko; ekainaren 27 honetan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan. 

Honako ohar hau helarazi dute deitzaileek, atxiloketon bosgarren urtemugaren harira:

OLATZ LASAGABASTER ETA PATXI URANGA ATXILOTU ZITUZTELA, BOST 
URTE.
Duela bost urteko San Juan bezperako gaua ez zen, ez, majikoa izan Usurbilen. Izan ere, guardia zibila andanak, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epailea bera buru zutela, Ugaldea industriaguneko beren etxetik atxilo eraman zituzten bi herritar: Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, hain zuzen ere. Biek ala biek atxilo denboran tratu txarrak jasan izana salatu zuten. Ez alferrik, salaketak bere horretan geratu baiziren, hau da, berehala artxibatu zituzten ganorazko ikerketarik gabe. 2011ko urtarrilean 12 urteko espetxe zigorra jaso zuten.  

Bost urteotan Olatz eta Patxi Euskal Herritik urrun dauden espetxeetan izan dituzte eta, egun Foncalenteko (Alacant) kartzelan dauzkate preso, etxetik 780 km.ra. Denboraldi honetan apenas izan dute elkar ikusteko aukerarik. Soilik bitan elkartu zituzten (2011ko irailean ezkontzeko eta 2013ko apirilean). Epaileekin eta Espetxe Zuzendaritzarekin elkar ikusteko eskubidea exijitzeko hamaika ahalegin egin ostean, aurtengo neguan Olatz Foncalentera lekualdatu zuten, Patxi zegoen espetxera.

 

Ostiralean preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko Usurbilen Nahi Ditugu! senideen elkarteak antolatutako elkarretaratzean beren familia eta herritik ahalik eta gertuen izateko eskubidea exijituko da.

 

Beraz, presoen eta senideen eskubideen errespetua eskatzeko Mikel Laboa plazan, ekainak 27an, 20.00etan egingo den kontzentraziora bertaratzeko deia egiten du elkarteak.