Eguerdiko 12:30ak aldera piztu da sua Usurbilgo Kale Nagusian. Saroe jauregiaren ondoko etxean eman da ezbeharra. Oraindik ez dago argi zerk eragin duen sua. Hasiera batean, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta udaleko brigadako langileak aritu dira sua itzaltzen. Suhiltzaileak bertaratu dira honez gero.
Saroe jauregia, Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak liburuan
Kale Nagusian Elizaldeko gunean aurkitzen da Saroe baserria, San Salbatore elizaren aurrean. Eraikuntza bikaina da, barroko estilokoa. Planta karratua dauka eta kalitate handiko harearrizko harlanduz egina dago. Aurrealde nagusia artistikoki oso landua da. Armarri, balkoi eta leiho bikainak ditu. Gipuzkoan, bere estiloko eraikuntzen artean, luxuzkoenetakoa da Saroe jauregia. Soroa kapitainak eraiki zuen XVII. mendean, orube horretan lehenagotik zegoen eta erre egin zen etxe zaharra ordezkatzeko. Joaquín de Yrizar Bergarako arkitekto ospetsuak eraberritu zuen 1920 inguruan. Gaur, Saroe jauregia monumentua da, Ondasun Kultural Kalifikatua.