Olatz, Patxi eta Xomorro, etxean nahi dituzte usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 27a, 20:55


Ekaineko azken ostiralean ere herritarrak plazara irten dira, euskal preso eta iheslarien eta euren senideen eskubideak behingoz errespetatuak izan daitezen eskatzera. Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak deituta, Mikel Laboa plazan burutu den mobilizazioa berezia izan da oraingoan. Bost urte bete baitziren aste hasieran, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga atxilotu zituztenetik. 

Olatz, Patxi eta Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarra, herrian falta diren hiru presoak oroitu dira azken ostiraleko mobilizazioan. Mahai bat ere jarri dute gaurkoan, presoei elkartasun mezuak idazteko. Ate joka ditugun Santixabelen baitan, uztailaren 5erako, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde deitu diren ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatu zaie baita, usurbildarrei. 

Kantu-zikiro jana eta ekitaldia
Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jira ospatuko da uztailaren 5ean, Kantu Taldekoen eskutik, eta Kuxkuxtu txaranga bidelagun dutela. Kantu bazkaria gero Askatasuna plazan. Gogoan izan, otordurako txartelak aurrez erosi behar dira. 22 eurotan salgai dituzue Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan, 12 eurotan ikasle eta langabetuentzat. Afalaurretik ekitaldia ere antolatu dute txosna gunean. Hona hemen beraz, presoen eskubideen alde, uztailaren 5erako deituak dauden ekitaldiak:
12:00
 Preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantujira, Kuxkuxtu txarangak lagunduta.
14:00 Kantu Zikiro-jana Askatasuna plazan, Kuxkuxturekin.
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia Askatasuna plazan.

OLATZ LASAGABASTER ETA PATXI URANGA ATXILOTU ZITUZTELA, BOST 
URTE.
Duela bost urteko San Juan bezperako gaua ez zen, ez, majikoa izan Usurbilen. Izan ere, guardia zibila andanak, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epailea bera buru zutela, Ugaldea industriaguneko beren etxetik atxilo eraman zituzten bi herritar: Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, hain zuzen ere. Biek ala biek atxilo denboran tratu txarrak jasan izana salatu zuten. Ez alferrik, salaketak bere horretan geratu baiziren, hau da, berehala artxibatu zituzten ganorazko ikerketarik gabe. 2011ko urtarrilean 12 urteko espetxe zigorra jaso zuten.  

Bost urteotan Olatz eta Patxi Euskal Herritik urrun dauden espetxeetan izan dituzte eta, egun Foncalenteko (Alacant) kartzelan dauzkate preso, etxetik 780 km.ra. Denboraldi honetan apenas izan dute elkar ikusteko aukerarik. Soilik bitan elkartu zituzten (2011ko irailean ezkontzeko eta 2013ko apirilean). Epaileekin eta Espetxe Zuzendaritzarekin elkar ikusteko eskubidea exijitzeko hamaika ahalegin egin ostean, aurtengo neguan Olatz Foncalentera lekualdatu zuten, Patxi zegoen espetxera.

 

Ostiralean preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko Usurbilen Nahi Ditugu! senideen elkarteak antolatutako elkarretaratzean beren familia eta herritik ahalik eta gertuen izateko eskubidea exijituko da.

 

Beraz, presoen eta senideen eskubideen errespetua eskatzeko Mikel Laboa plazan, ekainak 27an, 20.00etan egingo den kontzentraziora bertaratzeko deia egiten du elkarteak.