Interesdunek astearte hau, uztailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak, Usurbilgo Udal erregistroan. Ekimenean parte hartzeko baldintzak, aurreko urteetakoak dira:
-Epea: uztailak 1, asteartea.
-Usurbildarra izatea.
-6-10 bertso artean idaztea.
-Gaia librea.
-Lanek inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute.
-Lanak helbide honetara bidali: XXXVIII. Bertsopaper Lehiaketa, Joxe Martin Sagardia Enparantza, 20170 Usurbil.
Epaimahaikoen erabakiaren berri, larunbatean
Parte hartzaileen artean, epaimahaiak hautaturiko lan saritua zein den, Santixabeletan emango du ezagutzera. Aurtengoan, uztailaren 5ean, larunbat gauez, 22:30etatik aurrera frontoian ospatuko den bertso-saioaren amaieran. Punta-puntako bertsolariak datoz pilotalekura; Andoni Egaña, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Unai Gaztelumendi eta iazko Bertsopaper Lehiaketako txapelduna, Asier Azpiroz zubietarra. Gai-jartzailea: Unai Elizasu.
Bertso musikatuen saioa ostegunean
Bertso zaleek, aurretik beste hitzordu bat izango dute txosnetan, uztailaren 3an, ostegun gauez. Bertso musikatuen saioa, 22:00etatik aurrera Askatasuna plazako txosna gunean, parte hartzaileokin:
-Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Jokin Labaien eta Egoitz Zelaia.
-Musikariak: Eneko Sierra (Sasofoia), Ixak Arruti (Kitarra), Antton Aranburu (Kitarra) eta Gari Otamendi (Bibolina).
Iazko txapelketa, aipatu moduan, Asier Azpiroz zubietarrak irabazi zuen, bertso sorta honekin:
BERTSO BERRIAK GAZTE LOKARTUEI JARRIAK
Doinua: "Ia guriak egin du"
1-Pankarta, manifa, lema
kapitala ta sistema.
Politikaren dema
fartsa hutsa da dena
ni beti apolitiko,
nirea egin ta kito!
2-Bikotera banaiz batu
ezkontzea dut sakratu.
300 gonbidatu,
luntx ta festa pribatu
eta elizatik noski,
soineko txuri ta guzti.
3-Independizatu nahian
jubilatzeko garaian,
pisu txiki bat kaian
Donostian, Zumaian
ta ordaintzeko bikoteka,
hartuko dut hipoteka.
4-Bizi naiz izorratuta
lan baldintzek behartuta,
10 ordu sartu ta
700 kobratuta
baina hori bai lana da,
afortunatuak gara!
5-Greba deitzen badigute
motiboak mila guk´e.
Baina grebaren truke
soldata kentzen dute,
hobe lanera zuzendu,
nagusiak esaten du.
6-Erosketetan merkantzi
soineko ta bainujantzi.
Markadun elegantzi
eta kontsumo antsi
arropa eta arropa,
merkealdian dago ta.
7-Herrigintzan murgiltzeko
lokarturik gabiltz seko.
Negua arintzeko
kontsolan aritzeko
lokal barruan gotortu,
ta kaleak basamortu.
8-Musika bera aditzen
Usurbilen ta Parisen.
Diskografia gizen
eta urrezko izen
musika berri, askea,
gora Euskadi Gaztea!
9-Kultura artean hegan
aritzeko nago greban.
Abuztu bukaeran
pasako dut primeran
hango diskoteken brisan
aste osoa Ibizan!
10-Gazteri ez kontsumista
ta antikapitalista
eratzeko argizta
buru hoiek aldizka.
Antolatu ta oldartu,
ezin gaiezke lokartu.