Elkarlanak eraiki du beste behin, Ziortzako udako kanpaldia

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 1a, 08:30


Gurasoen, Ziortzako Azpiegitura Taldeko bolondresen edota Tolosako Atsedena Taldeko kideen artean, guztira 60 bat lagunek elkarlanean muntatu zuten asteburuan Peñaloscintosen (Errioxa), Ziortzako udako kanpaldi gunea. “Bezperatik joandako guraso eta Ziortzako Azpiegitura Taldeko bolondres talde bat geneukan zain, asteburuan zehar egin zitzazketen gainontzeko gauzak utzi, eta bertara, lanera joan zirenak.

Iritsi, indarrak hartu eta ekin genion lanari Usurbilgo eta Tolosako Atsedena Taldeko 60 bat lagunek, denak fin baino finago. Aurten gainera, berrikuntza bat izan du muntaiak; sukaldeko teilatua berritu baitugu, eta jardun ginen horretan ere jo eta su, giro ezin hobe batean”, Ziortzatik berri eman dutenez.

Eskerrak helarazi nahi dizkiete lagundu zuten guztiei. “Pozik gaude gu, oso, Ziortza  Gazte Elkartea guztion artean osatzen baitugu; bai gazteek, bai gurasoek, bai ZATek eta bai begiraleok. Denon artean daramagu
taldea aurrera, ezinekoa litzateke denon arteko elkarlanik gabe. Horregatik, beste behin, eskerrak ematea dagokigu guri. Mila mila esker, benetan zuetako bakoitzari ematen diguzuen laguntzagatik. Ez ahaztu, denok gara Ziortza Gazte Elkartea, MILA ESKER!”, gaineratu dute gazte elkartetik.

Uztailaren 8an, lehen gazteak
Santixabelak amaitu ostean, uztailaren 8an helduko da lehen gazte taldea Peñaloscintosera (Errioxa). Kanpaldiaz gozatzen lehenak, DBHko gazteak izango dira. Adi, uztailaren 8an, goizeko 8:30etan irtengo da udaletxe ondoko autobus geltokitik Errioxa alderako autobusa. Antolatzaileek puntualak izatea eskatzen dute. Uztailaren 22an, LH 5 eta 6 mailakoek hartuko diete lekukoa, uztailaren 31ra arte. Hauen kasuan, autobusa hilaren 22an, eguerdiko 12:00etan abiatuko da leku beretik. 

Kanpaldia amaituta, abuztuaren 10ean egingo dira desmuntaketa lanak. Bertara joatera animatzen denak, idatzi dezala ziortzage@gmail.com helbidera. 

Irudia: Ziortza.