Langabetuak kontratatzeko diru-laguntza deialdia enpresa eta profesionalentzat

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 1a, 08:40


Lanbidek finantzaturiko 122.500 euroko laguntza bideratuko dute eskualdeko udalek, bailarako langabeak eta lan eskatzaile moduan Lanbiden inskribatutakoak kontratatzen dituzten tokiko enpresetara. Enplegua sustatzea da diru-laguntza lerro honen helburu nagusia. Kontratazioak egiteko epea zabalik dago. Diru-laguntzok jaso nahi dituzten enpresek, Lasarte-Oriako Lanbideko bulegoetan lan eskaintza zehatza aurkeztu eta Lanbidek proposaturiko izen gaien artean egin beharko dute hautaketa. Lan kontratuek, beranduenez 2015eko maiatzaren 31 baino lehen bukatu beharko dute, sei hilabetetik gorako kontratuak izan ezik. Kasuotan halere, aipaturiko data baino lehen kontratuko sei hilabeteak amaituak beharko dute.

Eskabideak ere aipatu data baino lehen bideratu beharko dituzte interesdunek, Andoaingo Udalaren Sustapen ekonomiko, enplegu eta Gazteria Saileko erregistroan (La Salle etorbidea 6. Urigain etxea). Diru-laguntzak 2014ko ekitaldiko udal aurrekontuaren araberako kreditu erabilgarria amaitu arte emango dira, eskaera behar bezala betea, sarrera data eta orduaren lehentasun-hurrenkera jarraituz.

Honakoak dira langabetuak kontratatzeagatik eskualdeko enpresek jaso ditzaketen diru-laguntzak:
1.-3.000 euroko gehienezko laguntza, 3 hilabete iraungo duen lanaldi osoko kontratuko.
2.-6.000 euroko gehieneko laguntza, 6 hilabete edo gehiago iraungo duen lanaldi osoko kontratuko.
Bi kasuotan, ez da kontratuaren kostuen %75 baino handiagoa izango.

3-9.000 euroko gehienezko laguntza, 6 hilabete edo gehiago iraungo duen lanaldi osoko kontratuko, honako hauek kontratatzen direnean: diru-sarrerak bermatzeko errentako jasotzaileak, lehen aldiz laneratzen diren 35 urtetik beherakoak edo kontratazioaren aurretiko 18 hilabeteetan gutxienez 12 hilabetez Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta lan eskatzaile moduan egon direnak. Azken zenbatekoa ez da %100 baino handiagoa izango.

Kontratu partzialek %50eko lanaldia izan behar dute eta kasu honetan adierazten den diru-laguntzaren erdia jasoko dute.

Informazio gehiago:
-Usurbilgo Udala, 943 371 951 (Josune Mujika teknikariarekin).
-E-posta: enplegu@usurbil.net
-Web orria: usurbil.net (Diru-laguntza deialdi honen oinarri eta eranskinak eskuragarri).