Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria martxan, igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 1a, 09:00

Egunotan jaietan murgilduak egongo garen arren, ez ahaztu. Igande honetan bertan jarriko da martxan, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria. Alegia, aurrerantzean, igandero, erreusa Udalak asteotan banatu duen ontzian atera beharko duzuela, goizeko 6:30etatik 9:00etarako tarte horretan. Ontzia etxe atarira zenbatero ateratzen duzuen, horren arabera kalkulatuko du Udalak aurrerantzean, hondakinengatik ordaindu beharko den tasaren zati bat. Tarifa finkoari dagokion zatia ordaindu beharko da, denek kopuru berdina, eta horri, ontzia ateratzen duzuen bakoitzero 0,68 euro gehitu behar.

       

Ontzi gehiago, Atez Ateko bulegoan
Ontzi grisa banatzeko postua jarri du Usurbilgo Udalak, aurreko asteotan. Halere, oraindik kuboa eskuratu ez duzuenok, Atez Ateko bulegora gerturatu, zuen helbidea eman eta doan jaso ahalko duzue. Astelehenetik ostiralera, goizez, 10:00etatik 12:00etara. Edozein argibide edo informazio gehiago, Puntapax kalea 10eko bulegoan bertan, 900 776 776 telefono zenbakian edo atezate@usurbil.net helbidera idatzita.