Santixabelak ofizialki hasiko dituen suziria jaurti eta berehala, danbor hotsek hartuko dute Kaxkoa Santixabel bezpera honetan, 19:30etatik aurrera. Udaletxe paretik abiatuko dute danbor joleek, ohi bezala bitan zatitua duten kalejira; afalaurretik eskainiko baitute lehen saioa, bigarrena gauerditik aurrera. Danborrada taldekoen gonbita herritarrei; “Gurekin gozatu nahi duenak ongi etorria izango da”. Agerialden entseatzen dabiltza azken asteotan. Bederatzi urtez taldeko zuzentzaile gisa diharduen Jurgi Olasagasti herritarrarekin bildu gara, ate joka ditugun jaietako hitzordu beteranoenetarikoaz hitz egiteko.
Aurten, danborrada Santixabel bezperara itzuli da. Aldaketarekin gustura?
Jurgi Olasagasti: Iaz bakarrik aldatu zen egunez. Danborrada beti atera izan da Santixabel bezperan, uztailaren 1ean eta horri eutsi nahi diogu.
Danborradan izena ematen dutenen profila, lagun taldeena da?
Lagun talde koadrila oso bat danborradara bertaratzea konplexua da. Ikusten dudana da danborrada honetan jendea banaka, binaka, hirunaka apuntatu izan dira eta jada familia handi bat osatu dugu. Parte hartzen dugun gehienak urteak daramatzagu taldean. Gero kide berri batzuk daude. Badira bakarka dauden pertsona batzuk danborradara animatzen ez direnak, ustez bakarrik daudelako. Baina gero danborradan denok bat egiten dugu. Bakarrik dauden lagunok izen ematera animatzen ditut. Banaka banaka, halaxe osatzen da taldea.
Ohiko partaideak izanda, prestaketa lanak erraz bideratuko dituzue?
Bai. Halere, ez dira San Sebastian egunez Donostian jotzen dituzten abestiak, ezberdinak dira. Urteetan atera garenok nahiko dominatuak ditugu. Kide berriak pixkanaka ikasten joango dira, urtetik urtera hobetzen. Kantak geroz eta gehiago kontrolatzen diren neurrian, geroz eta gehiago gozatzen da talde barruan, baita danborrada ikustera datozenekin ere.
Abestiak nola hautatu dituzue?
Aspaldi aukeratu ziren abestiok, pentsatuz, Donostiako danborradaz gain, beste kanta asko daudela. Kalejirak diren abestiak hautatzen ditugu, edo geldirik jotzeko abestiak, bien arteko konbinaketa bat izaten da. Eta ahal baldin bada abesti erakargarriak eta biziak, bizitasuna ematen duten abestiak hobe.
Talde barruan egun handi gisa bizi duzue danborrada eguna, partaideak lantokian jai eguna eskatzera ohituak daude?
Lan txandak aldatzen dituzte, jai eskatzen dute biharamunean. Beti saiatzen dira danborrada eguna libre izaten eta baita biharamuna ere. Danborradan oso ondo pasatzen dugu. Donostiako danborradarekin zerikusirik ez du. Beste giro bat du Usurbilgoak. Beti animatzen dut jendea probatzera, behin gutxienez. Gasturik ez du.
Txarangarekin kaleratuko zarete. Koordinazio bat beharrezkoa izango da, saioa ongi joateko?
Gauerdi txarangarekin. Gure arteko konplizitatea handia da. Abestiak guk nahi dugun bezala jotzen dituzte. Tratua oso ona da, afaritan giro handia jartzen dute. Danbor joleek oso ondo jotzen dute txarangarekin, ondo menderatzen dituzte abestiak. Entsegu saio bat egiten dugu beraiekin, hasierak, bukaerak, errepikapenak doitzeko.
Danborradan parte hartzeko izen ematea itxia duzue aurtengorako. Datorrenerako zer esan probatu ez duenari?
Guztiz irekia den jaietako ekintza bat da. Denentzako parte hartzeko aukera ematen duena, oso ondo pasatzen da, ez du gasturik, behin probatzeagatik ez da ezer galtzen. Beste pertsona batzuk ezagutu ahal izateko aukera eman dezakeen ekimena da.
Aldaketak, ibilbidean
Ordutegia: 19:30-21:00 eta 00:00-01:00.
Ibilbidea: aldaketak aurten. Abiapuntua, udaletxe aurreko plaza.
Danbor joleek eraman beharreko jantziak:
-Emakumeek: alpargata beltzak, baserritarren gona, alkandora beso luzea jasoa, eta letra edo irudi gabeko koadrodun zapia.
-Gizonezkoek: alpargata beltzak, mahoizko galtzak, alkandora beso luzea jasoa, eta letra edo irudi gabeko koadrodun zapia.