Bidean aurkitu dituzten mugak eta oztopoak ez ziren gutxi, baina gogor borrokatu dira eta aurreikuspen onenak ere askogatik gainditu dituzte. Inurri lana egin behar izan dute, egunean eguneko lana, irribarrea galdu gabe. Taldean duten elkarlanerako ilusio, adore eta indarrak, egunerokoan egindako ahaleginak, emaitza ikusgarriak lortzera eraman dituzte. 21 neurketako denboraldian, 19 irabazi, bakarra galdu eta bestea, aurkariekin berdinduta amaitu dute. Hilabeteko tartean, Euskadiko txapeldunorde izendatu dute taldea eta mailaz igotzea ahalbidetu dien Espainiako sektoreko txapeldunak ditugu. Eta guztia, zazpi, zortzi jokalariko taldeak lortu du. Zenbakiokin soilik ezin da neurtu duten meritua. Baina eskuratzera heldu direna, ederki irudikatzen dute zifrok.
Txupinazoa 19:00etan, udaletxetik
Egindakoagatik zoriondu eta errekonozitzeko ordua da orain. Santixabeletako txupinazoa jaurtitzeko ohorea, senior nesken eskubaloi taldearena izango da. Merezimendu osoz gainera, hala nahi izan baitute herritarrek. Festen hasiera ekitaldian nortzuk parte hartu behar zuten erabakitzeko Jai Batzordetik aurreko hilabeteotan antolatu den “Nork merezi du?” ekimenaren baitan, bozka gehien jaso dituen usurbildarren proposamena da senior neskena. Eta Jai Batzordeak ere bat egin du herritarren nahiarekin.
Usurbili poztasun une bat baino gehiago ekarri dizkion senior nesken eskubaloi taldekoak izango dira beraz, udaletxeko balkoira igo eta jaietako lehen suziria piztuko dutenak. Eurek emango diete ongi etorria, 2014ko Santixabelei. Gogoratu hitzordua; uztailaren 1ean, asteartez, arratsaldeko 19:00etan udaletxe aurreko plazan. Ez Dema plazan. Azken urteetan frontoi ondoan ospaturiko hasiera ekitaldia, garai bateko lekura itzuliko da. Jaietako gune izateko berreskuratu duten udaletxe aurrera. Eskubaloi taldea, eta udal ordezkariak ikusiko ditugu beraz udaletxeko balkoian, udal ordezkariekin batera. Pregoia irakurriko dute noski. Unea, talde lana eta “ezina ekinez egina” izan dela nabarmendu, emakume kirolari izateagatik jasandako diskriminazioa plazaratu eta eskerrak emateko baliatuko dute, emakume taldeak lorturikoagatik zoriondu, omendu eta jaien hasiera ospatzera hurbildutako herritarren aurrean.
Herria, balkoian
Unean uneko garaipenak ospatzeko baliatu da txupinazo ekitaldia, elkartasuna adierazteko injustizia baten biktima izaten ari ziren herrikideei, herriaren alde egiten dutenagatik errekonozitzeko, bestetan ikusgarritasuna emateko herriko kolektibo ezberdinei. Usurbilgo eragile eta herritarrek izan dute, Santixabelei harrera egiteko ohore eta merezimendu osoa. Azken hamarkada honetako txupinazo ekitaldiak, horren guztiaren lekuko:
2002: Iñaki Urkia.
2003: Egin eta Egunkariako langile ohiak.
2004: Martin Alustiza.
2005: Amaia Zubiria.
2006: Antzerki Taldea.
2007: Amador Granados.
2008: Juan Mari Torrealdai eta Olatz Altuna.
2009: eskubaloi eta judo taldekoak.
2010: helduen danborradako kideak.
2011: Usurbil Zero Zabor.
2012: Atzegiko kideak.
2013: DYAko kideak.
2014: senior nesken eskubaloi taldea.