Txikiek ere oilasko biltzaileen festa handia ospatu dute, Udajolaseko lehen egunean

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 1a, 13:05



Gazteak etxez etxeko erronda egiten ari ziren artean, uztaileko lehen egun honetan abiatu den Udajolaseko begirale eta haurrek ere bat egin dute, oilasko biltzaileen jaiarekin. Euren erronda partikularra egin dute, jolasen bidez eskuratzen joan diren oilaskoekin, Kaxkoan barrena. Euriak baldintzatu du, jaialdiko azken txanpa. Aterpean babestu behar izan dute.

Gogoan izan, festak tarteko, aste hau arraro samarra izango dela Udajolasen. Asteazken eta ostegun honetan, uztailaren 2an eta 3an ospatuko diren Santixabel eta Haurren Egunak direla eta, ez da Udajolasik izango. Ostiral goizean bai, ohiko ordutegian. 9:30-13:30 artean. 

Jolasean, uztaila amaitu arte
Inoizko haur kopuru altuena bildu du aurtengorako, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko udako aisialdi ekimenak; 4-12 urte arteko 165 haur guztira. Uztailaren 30era arte, asteotan begirale taldea mimo handiz prestatzen aritu den ekintza sorta zabalaz gozatu ahalko dute gaztetxoek. Frontoia izango da goizero, biltzeko gunea.