Gure Esku Dago Usurbilek ere bere tartea izango du Santixabeletan, adi datozen orduei

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 3a, 08:10


"Guk ere gure tokia izango dugu Santixabel festetan! Ireki begiak!" mezu enigmatiko hau zintzilikatu du Gure Esku Dago Usurbilek sare sozialetan. Zer ote darabilte esku artean? Laster batean jakingo duzue, esku artean dutena ez baita oharkabean pasako. Erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak bere tartea izango du Santixabeletan. Gutxi barru. Adi beraz.

Gure Esku Dago Usurbiletik herritarrei luzatu dieten bigarren gonbita. Ekainaren 8ko giza-kate eguneko "90.km-ko argazkiak dituzu eta etorkizun batean erakusketa batean ikusi nahi zenituzke? Bidali gure e-mailera: usurbilgureeskudago@gmail.com".

Honatx bestalde, aste honetako NOAUA!ko "Zer diyo?" atalean, Gure Esku Dago Usurbilek kaleratu duen idatzia. Ekainaren 8ko giza-kate arrakastatsuaren ostean zer? Lerrootan erantzuna: 

Hurrengo urratsa, gure esku
Handia. Itzela. Latza. Izugarria. Bikaina. Eta, batez ere, hunkigarria. Ezin zuen guztiak %100ean ondo atera, eta ez zen atera, baina ezin zuen bestela izan: dimentsio handiko ekitaldia izan zen ekainaren 8ko giza katea, bere sinpletasunean oso konplexua. Baina eguna bera ikaragarria izateaz gain, ordura arteko prozesu guztia ere oso garrantzitsua izan da. Garrantzitsuena, ziurrenik: Euskal Herriko 170 herritan sortu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko batzordeak. Txikiagoak, handiagoak, baina 170 herritan lortu da era askotako jendea elkartu eta elkarrekin lanean jartzea. Euren artean ezezagunak askotan, baita ezinikusiren bat ere. Gure Esku Dago dinamikak ilusioa pizteaz gain, herritarren arteko lankidetza, konfiantza eta konplizitatea lortu ditu: hori da dinamikaren lorpenik handiena. Eta, hori gutxi balitz, 170 herri batzorde horiek aurrera begira gaude dagoeneko.

Giza kateak utzitako zapore gozoa oraindik ahoan genuela elkartu ginen herri batzordeetako ordezkariak ekainaren 21ean, Arrasaten. Berrehun bat lagun elkartu ginen: egunaren balantzea egin genuen batetik, eta aurrera begira dinamikak eman beharreko pausuez jardun genuen, bestetik.

Zer egin nahi dugu? Nola egin nahi dugu? Horra Arrasaten planteatu zizkiguten bi galdera nagusiak. Han bertan ez genuen ezer erabaki: zenbait galdera jarri ziren mahai gainean, eta orain herrietako batzordeek erantzun beharko dituzte irailaren hasierarako. Zentzu horretan, Usurbilgo Gure Esku Dago lantaldeak herritarren iritzia jakin nahi du. Horregatik, datorren astean galdetegi labur bat utziko dugu zuen postontzietan: galderei erantzun, eta hilaren 31 aurretik Lizardin eta Lauroken jarritako kutxan sartzeko eskatu nahi dizuegu. Zenbat eta ekarpen gehiago, hobe.

Erabaki bakarra hartu genuen Arrasaten, eta horren berri eman nahi dugu lerroon bidez. Dinamika hasi zenean, ordaindutako bost euroen truke aterki bat, motxila bat… emango zirela esan zen, baina gero bertan behera geratu zen kontua. Horren ordez, oroigarri bat egitea erabaki zen, parte hartzaile bakoitzari giza katearen irudiak jasoko zituen CD bana emateko. Arrasaten esan zigutenez, ordea, 150.000 euroko kostua lukete oroigarri horiek, eta diru kopuru handia dela kontuan izanda, baloratzeko esan ziguten: diru hori oroigarriak egiteko erabili nahi genuen, edo etorkizunean beste ekitaldiren bat antolatzeko gordetzea nahiago genuen galdetu ziguten. Ia boto guztiak bigarrenaren aldekoak izan ziren.

Etxeko lanak lehenago egin beharko baditugu ere, irailaren 13an hasiko du Gure Esku Dagok ikasturtea ofizialki. Datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira nazioartean, fokuak Katalunian eta Eskozian izango direlarik. Bi egun lehenago botako dute kataluniarrek hasierako suziria Diadaren bidez; 18an, berriz, eskoziarrek beren etorkizuna erabakiko dute. Tarte horretan, irailaren 13an, euskaldunok ere erabaki egin nahi dugula aldarrikatuko dugu – aurrerago zehaztuko dugu nola –.

Gure Esku Dago herritarren esku dago. Zer izango den, zer egingo den, nola egingo den, zein pausu eman nahi ditugun… Herritarrok erabakiko dugu. Giza katearekin ez zen ezer bukatu: huraxe izan zen hasiera. Egun horretan argi geratu zen metatutako indar hori guztia ezin dugula itzaltzen utzi. Usurbilgo Gure Esku Dagoko kideok ilusioz jarraituko dugu lanean, eta usurbildarrak gurekin parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Edozertarako, usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera idatz dezakezue.