Bertsopaper lehiaketa, bertso eta bertso musikatuen saio bana. Hiru hitzordu nagusi bertsozaleek Santixabelotan. Lehena, ostegun gau honetan, 22:00etan Askatasuna plazako txosnetan. Bertso musikatuen saioa, hiru bertsolari eta lau musikarirekin:
-Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Jokin Labaien eta Egoitz Zelaia.
-Musikariak: Eneko Sierra (Sasofoia), Ixak Arruti (Kitarra), Antton Aranburu (Kitarra) eta Gari Otamendi (Bibolina).
Egaña, Arzallus, Amuriza, Lekue, Gaztelumendi eta Azpiroz
A ze seikotea!!! Denak Santixabelotan izango ditugu. Larunbat gauez, 22:30etatik aurrera frontoian ospatuko den bertso saioan. Punta-puntako bertsolariak datoz pilotalekura; Andoni Egaña, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Unai Gaztelumendi eta iazko Bertsopaper Lehiaketako txapelduna, Asier Azpiroz zubietarra. Gai-jartzailea: Unai Elizasu. Bertso saioaren amaieran emango dira ezagutzera, Bertsopaper Lehiaketako irabazlearen izen abizenak.
Iazko txapelketa, Asier Azpiroz zubietarrak irabazi zuen, bertso sorta honekin:
BERTSO BERRIAK GAZTE LOKARTUEI JARRIAK
Doinua: "Ia guriak egin du"
1-Pankarta, manifa, lema
kapitala ta sistema.
Politikaren dema
fartsa hutsa da dena
ni beti apolitiko,
nirea egin ta kito!
2-Bikotera banaiz batu
ezkontzea dut sakratu.
300 gonbidatu,
luntx ta festa pribatu
eta elizatik noski,
soineko txuri ta guzti.
3-Independizatu nahian
jubilatzeko garaian,
pisu txiki bat kaian
Donostian, Zumaian
ta ordaintzeko bikoteka,
hartuko dut hipoteka.
4-Bizi naiz izorratuta
lan baldintzek behartuta,
10 ordu sartu ta
700 kobratuta
baina hori bai lana da,
afortunatuak gara!
5-Greba deitzen badigute
motiboak mila guk´e.
Baina grebaren truke
soldata kentzen dute,
hobe lanera zuzendu,
nagusiak esaten du.
6-Erosketetan merkantzi
soineko ta bainujantzi.
Markadun elegantzi
eta kontsumo antsi
arropa eta arropa,
merkealdian dago ta.
7-Herrigintzan murgiltzeko
lokarturik gabiltz seko.
Negua arintzeko
kontsolan aritzeko
lokal barruan gotortu,
ta kaleak basamortu.
8-Musika bera aditzen
Usurbilen ta Parisen.
Diskografia gizen
eta urrezko izen
musika berri, askea,
gora Euskadi Gaztea!
9-Kultura artean hegan
aritzeko nago greban.
Abuztu bukaeran
pasako dut primeran
hango diskoteken brisan
aste osoa Ibizan!
10-Gazteri ez kontsumista
ta antikapitalista
eratzeko argizta
buru hoiek aldizka.
Antolatu ta oldartu,
ezin gaiezke lokartu.