Drogen kontsumo arduratsua sustatzeko postua jaietan, gauerditik aurrera

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 4a, 08:30


Uztailaren 4 honetako kontzertu gauean, Dema plazatik Askatasuna plazarako pasabidetik igarotzen zaretenok, Sasoia Elkarteak Usurbilgo Udalarekin elkarlanean jarritako postuarekin topo egingo duzue, drogen kontsumo arduratsua sustatzeko jarriko duten informazio eta prebentzio gunearekin. Zuen esku, bertara gerturatu eta informazioa eskatzea. Alkoholemia proba ere egin ahalko duzue, dituzuen zalantzak argitu…  Drogen kontsumo ez arduratsuak dakartzan ondorioez ohartarazi nahi dute; halakoetan autoa hartzeak dituen arriskuez, jarrera desegokiez… Usurbilgo Udalak sustatu duen ekimena, datozen lau urteotarako onartua duen Mendekotasun Prebentzio Planaren baitan kokatzen da. Egitasmo honetan badira bi lan ildo hain zuzen; aisialdi eremuan kontsumo arduratsua sustatzea eta gai honi buruzko sentsibilizazioa jorratzea. Horretara datoz Sasoia Elkarteko kideak uztailaren 4an Usurbila, elkarteko kide Unai Lizarraldek NOAUA!ri azaldu dionez.

Postu informatiboa izango da zuena?
Unai Lizarralde: Gehienbat alkoholaren baina beste drogen kontsumo arduratsua sustatzeko informazio eta prebentziorako postua. Droga kontsumoaren inguruko informazioa eskainiko dugu, ez bakarrik 18 urtetik gorakoentzat. Gazteagoen artean ere, nahi duenak alkoholemia proba egin ahal izango du. Alkohola edo beste edozein drogen inguruan hitz egin eta dauden zalantzak argitu ahal izango dira.

Elkarte bat da postu hau jarriko duena?
Sasoia izena du elkarteak, Durangon dugu egoitza. Drogomendekotasun munduan gabiltza lanean. Negu partean, eskoletan lan egiten dugu, LH 5. mailatik 2. Batxilergora arte, zikloak barne. Hitzaldiak ematen ditugu gazteentzat, irakasle eta gurasoentzat formazioa ere eskaintzen dugu. Ikasturtea amaitzerakoan, uda partea heltzean, alkohol kontsumoaren prebentziorako postuak jartzen ditugu ekainetik urrira.

Festaz festa ibiltzen zarete?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ia herri guztietan.

Postua jarri ohi duzuenean, zein izaten da herritarren erreakzioa? 
Denetarik izaten dugu. Harrera oso ona izaten dugu normalean, oso gutxitan izaten ditugu arazoak. Jendea ondo portatzen da. Izan liteke, alkoholari buruzko informazioa ekarri eta horri buruz hitz egin nahi izaten dutela. Beste batzuk beste droga batzuei buruzko informazioa nahi izaten dute. Denetarik topatzen dugu, baina oro har egia da, jendea gogotsu etortzen dela informatzera.

Herri askotan egon ostean, kasik azterketa soziologikoa egiteko moduan izango zarete? Ze larritasun maila du arazo honek?
Ibilaldi egunean ere komentatu genuen. Beti egongo da drogen kontsumoa. Kontsumoa zero izatea ezinezkoa izango da. Azkenean denok droga kontsumitzaileak gara. Alkohola edaten dugu gehienbat. Euskaldunok alkoholarekin dugun harreman kulturala oso estua da. Hori hor dago, baina postu honen helburua gehienbat, kontsumo arduratsua sustatzea da, gazteen artean bereziki. Azken urteotan gazteen edateko modua asko aldatu dela ikusi dugu; kopuru oso handia kontsumitzen dute, graduazio oso altu batekin, denbora tarte oso txikian. Oso potentea da hori gorputzarentzat. Gu ez gaude edan edo drogak kontsumitzearen aurka. Modu arduratsu batean nola kontsumitu liteeken, nolako kontsumoa nahi dugun, horri buruz hitz egiten dugu, gazteekin eta baita helduekin ere.

Alkohola eta drogak bereizketa egin ohi dugu sarri. Lasaitasun puntua dago edatekoarekin?
Neure iritziz, alkohola gure kulturan indar handia duen droga bat da. Ikusi besterik ez dago gure bizitza soziala tabernetan egiten dugula. Hori argi eta garbi dago. Kontua da baita, gizarteak alkohola eta drogak bereizten dituela. Droga beti txarra da, alkohola ordea ez. Droga hitzak konnotazio negatiboa dauka. Eta alkoholak ez. Alkohola drogen barruan sartuta, alkoholak ere konnotazio negatiboa izango luke. Banaketa horrek egiten duena da gizartearen antsietatea jaitsi, eta esan alkohola kontsumitzen dugula baina drogarik ez. Ezberdina dela. Gure ikuspuntua guztiz aurkakoa da. Droga, gorputzean eragin lasaigarria, pizgarria edo aluzinagarria eragiten duen edozein substanzia da guretzat. Alkohola oso droga lasaigarria da, beste edozein substantzirekin bezala, drogatzat jotzen dugu. Inongo banaketarik egin gabe.

Postu honetatik informazio asko jasotzen duzue. Jasotakoarekin gero zer egiten duzue?
Lan prebentiboa egiten dugu jaietan. Postura datozen herritarrengandik honako informazioa jasotzen dugu; adina, sexua, herriaren izena eta kotxea hartu behar duten, kopilotu moduan joango diren edo garraio publikoa baliatuko duten. Besterik ez. Gero estatistikak ateratzen ditugu urtero. Herri batzuetan urte asko daramagu lanean. Kasuotan, datuen alderaketa bat egin ahal dugu. Estatistika batzuk atera eta urteek aurrera egin ahala, prebentzio lan hori ona izan den edo ez ikusteko aukera dugu.

Uztailaren 4ean Usurbilen egongo zarete. Zer esan herritarrei?
Lasai asko etor daitezela informatzera, galdetzera edota alkoholemia proba egitera. Etortzeagatik galtzeko ezer ez dute. Lan honen atzean zer dagoen ezagutzeko aukera izango dute. Animatu eta etorri bueltatxo bat ematera. 


Postua, ostiral gaueko parranda orduetan
Eguna: uztailak 4, ostirala.
Ordua: 00:00-03:30.
Tokia: Askatasuna plazatik Dema plaza alderako pasabidea.
Antolatzaileak: Sasoia Elkartea eta Usurbilgo Udala elkarlanean.