"Nolakoa izango da Usurbil 3.000 urtean?", gaurko XII. Pintura Lehiaketarako gaia

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 4a, 06:00



Parte hartze handia sustatu ohi du Susana Martin herritarrak gidatzen duen Pintura Lehiaketaren hamabigarren edizioa ospatuko da, ostiral honetan uztailaren 4an, goizeko 10:30etatik aurrera frontoian. 2-16 urte arteko haur eta gazteei zuzendua egongo den txapelketako oinarriak ezagutzera eman ditu Jai Batzordeak. Ekimenean parte hartu nahi dutenek, txapelketa gunera gerturatu gaur. "Lehiaketan parte hartzeko materiala bertan utziko da. Hala ere, komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea (karpetaren bat edo liburua...). Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke", Jai Batzordetik adierazi dutenez. 

Beti bezala, gai zehatz baten inguruan marraztu beharko da oraingoan ere. Aurtengorako hautatu den gaia hemen; "Nolakoa izango da Usurbil 3000. urtean?". Galderari, marraztuz erantzutea proposatzen dute. Pintura Lehiaketako lanak gero, frontoian bertan jarriko dituzte erakusgai. Eta uztailaren 4 honetan, eguerdi partean, 13:00ak aldera banatuko dituzte sariak. Hamaika sari guztira.  "Lehiaketa irabazten duzuenok pinturako materiala eta diploma eskuratuko dituzue" eta parte hartzaileak ere esku hutsik ez dira joango. Sariak honakoak izango dira:
-2, 3 eta 4 urtekoen artean: sari bat.
-5 urtetik 13 urte bitartean: urte bakoitzeko sari bat.
-14, 15 eta 16 urtekoen artean: sari bat.