Marrazkien kalitate bikaina eta parte hartze handia, XII. Pintura Lehiaketako sariketan

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 4a, 14:03



Hortxe duzue Santixabeletako XII. Pintura Lehiaketako marrazki sarituen egile taldea, opariak eskutan, antolatzaileekin eguerdian ateratako argazkian. Beste behin, ekimenak sustatzen duen parte hartze nabarmena aipatu beharra dago. Horren lekuko, pilotalekuko ezker pareta. 4-16 urte arteko artisten marrazkiez josi da, goizean zehar ospatu den txapelketan. 

Artelan guztiok gainera bazuten elkarren arteko antzekotasun nagusi bat; gaia. XII. Pintura Lehiaketan parte hartzera animatu direnek, 3000. urteko Usurbil irudikatu behar baitzuten paper batean. Haur eta gaztetxoen sormenak askorako ematen duela argi geratu da aurten ere.

Marrazki onenak hautatzen, epaimahaiak ez zuen lan erraza izango. Baina eguerdiko 13:00etan ospatu den sari banaketarako hartua zuen erabakia. Hauek dira, 2014ko Santixabeletako Pintura Lehiaketako sarituak:
2/3/4 urte: Maddi Urkia.
5 urte: Anes Rekondo.
6 urte: Unai Sarasua.
7 urte: Aitzol Portularrume.
8 urte: Anne Arruti.
9 urte: Maddalen Zabaleta.
10 urte: Naroa Guembe.
11 urte: Izer Dominguez.
12 urte: Unai Lopez. 
13 urte: Eneko Agirresarobe.
14/15/16 urte: Ane Ibargoien.

Ondoko argazkiotan, saritu dituzten marrazkiak:

        

Marrazkiak, erakusketara
Etorkizuneko Usurbil marrazten aritu dira herriko haur eta gaztetxoak Santixabeletako Pintura Lehiaketan. Adi, lan honi "segida" helduek emango diote eta, uda ostean. Pintura Lehiaketako gaiak, izan duen parte hartzea eta marrazkien kalitatea ikusita, ostiral honetako ekimena bere horretan utzi beharrean, jarraipena ematea erabaki dute antolatzaileek. Pintura Lehiaketako marrazkiak laster, erakusketa batean ikusgai izango ditugu. 

        

Zirriborro Tailerrekoen eta Labore Taldekoen lanen erakusketa zabalik
Ostiral honetan, Labore Taldekoen lanak ikusteko azken aukera. Zirriborro Tailerrekoek eginiko lanak ikusgai aldiz, igandera arte. Ordutegi honetan, Sutegiko aretoan:
-Goizez: 11:00-13:00.
-Arratsaldez: 17:00-20:00.