Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berriz erabaki beharko du orain, Egunkariako auzi ekonomikoari loturiko epaiketa abiatu edo ez. Kasua datozen asteotan hartuko du epaitegiko aretoetako batek. Halere, udazkena baino lehen ez omen dugu jakingo, epaiketa egingo den edo ez. Ekainaren 4an Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak 11 urtez zabalik egon den Egunkariaren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki izanaren haritik dator guztia. Gerora, auziko aldeei helegiteak aurkezteko epea zabaldu zitzaien. Fiskaltzak epaileak harturiko erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Eta helegite hau inpugnatu du orain, Egunkaria auziko defentsak.
Fiskaltza, 11 urtetako ametsgaiztoa luzatzearen alde
Aurretik, apirilaren 7an auzi honi loturiko aurretiazko saioa egin zuten Donostiako epaitegietan. Orduan, kasu honetan auziperatuak zeuden zortzi lagunen aurkako zigor eskaerei eusten zien Espainiako Estatuko Fiskaltzak. Defentsak, auzia artxibatu eta akusatuak absolbitzea eskatu zuen, bi argumentuetan oinarrituta. Fiskaltzaren txostenean jasotako egitateen eta ustezko delituen artean loturarik ez dagoela eta ustezko delituok preskribatuak daudela zioen Iñigo Iruin abokatuak. Saio hura amaituta, epaileak zuen azken hitza. Bere esku zegoen, ahozko epaiketa abiatzea edo ez. Ekainaren 4an epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen.
Donostiako epaitegien esku zegoen auzia, 2010eko maiatzean eta delitu "terroristaren" zantzurik ez zegoela iritzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkariaren auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa ez zuela egingo erabaki ostean. Hamaika urteren ostean etorri zen ekaina hasieran, Egunkariaren auzi ekonomikoa artxibatzeko erabakia. Epaileak hartutako erabakiaren aurka egin du ordea Fiskaltzak, eta Defentsak Fiskaltzaren helegitea inpugnatu du. Azken hitza epaitegiek dute berriz.
Joan Mari Torrealdai, auziperatuen artean
Egunkariako auzi ekonomikoa, Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmo epailearen aginduz, Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera, 2003ko urriaren 16an burutu zen polizia operazioaren haritik dator. Auziperatuen artean, usurbildar bat dago; Joan Mari Torrealdai. Eta berarekin batera, beste zazpi lagun: Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubeltzu. Hauexek dira, zortzi lagunon aurka egin zituzten zigor eskariak:
128 urte eta 221 milioi euroko eskaera
Akusazioa: ustez Egunkariaren 1998-2001 urte arteko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurrak egitea.
Zigor eskaerak: 128 urte eta 221 milioi euroko isuna 8 auzipetuentzat:
-Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria eta Txema Auzmendirentzat: 18na urteko espetxe zigorra eta 31 milioi euro.
-Mikel Sorozabal eta Fernando Furundarenarentzat: 12na urte pasatxo eta 21 milioi euro.
-Begoña Zubeltzurentzat: 9 urte eta 20 milioi euro.