Astearte honetan helduko dira lehen txandako gazteak, Ziortzakoek uztailerako Peñaloscintosen (Errioxa) antolaturiko udako kanpaldira. Goizean abiatzekoak ziren DBHkoak udaletxe ondotik, autobusez. Uztailaren 22ra arte egongo dira. DBHkoak Usurbila itzuliko diren egun berean, abiatuko dira herritik autobusez baita, LH 5 eta 6. mailetako ikasleak. Uztailaren 31ra arte egongo dira hauek, Peñaloscintosen.
Bi txanda hauen ostean, Tolosako aisialdi taldekoak egongo dira abuztu hasieran. Eta abuztuaren 10ean, kanpaldia desmuntatzeko hitzordua finkatu dute antolatzaileek. Laguntzera joan nahi duzuenok, idatzi ziortzage@gmail.com helbidera.
Kanpaldia, elkarlanak eraikia
Gurasoen, Ziortzako Azpiegitura Taldeko bolondresen edota Tolosako Atsedena Taldeko kideen artean, guztira 60 bat lagunek elkarlanean muntatu zuten ekainaren 28an Peñaloscintosen (Errioxa), Ziortzako udako kanpaldi gunea. “Bezperatik joandako guraso eta Ziortzako Azpiegitura Taldeko bolondres talde bat geneukan zain, asteburuan zehar egin zitzazketen gainontzeko gauzak utzi, eta bertara, lanera joan zirenak. Iritsi, indarrak hartu eta ekin genion lanari Usurbilgo eta Tolosako Atsedena Taldeko 60 bat lagunek, denak fin baino finago. Aurten gainera, berrikuntza bat izan du muntaiak; sukaldeko teilatua berritu baitugu, eta jardun ginen horretan ere jo eta su, giro ezin hobe batean”, Ziortzatik berri eman dutenez.
Eskerrak helarazi nahi dizkiete lagundu zuten guztiei. “Pozik gaude gu, oso, Ziortza Gazte Elkartea guztion artean osatzen baitugu; bai gazteek, bai gurasoek, bai ZATek eta bai begiraleok. Denon artean daramagu taldea aurrera, ezinekoa litzateke denon arteko elkarlanik gabe. Horregatik, beste behin, eskerrak ematea dagokigu guri. Mila mila esker, benetan zuetako bakoitzari ematen diguzuen laguntzagatik. Ez ahaztu, denok gara Ziortza Gazte Elkartea, MILA ESKER!”, gaineratu dute gazte elkartetik.
Irudia: Ziortza.