Antton Aranburu, Santixabeletako XXXVIII. Bertsopaper Lehiaketako txapelduna

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 8a, 14:07

Sagardoaren inguruan idatzi dituen bere hamar bertsoek irabazi dute, aurtengo edizioa. Hona hemen, Bertsopaper Lehiaketako txapeldunaren bertsoak:

Urdaira

Sagardoarekin bertsotan
Egilea: Antton Aranburu.
Doinua: “Esnesaltzailearena”

1-Sagardoa
Baserri lur-sailetan
sagasti zaharra
etxeko izarra
garai batean gure
poztasun bakarra;
sagarrondoan erne
lore goiztiarra
euri eta eguzki
gerora sagarra,
orain hemen zatoz zu
kupeletik zzzzaaarrra!

2-Bere graziya
Handik eta hemendik
gu zure etxera
erromes antzera
aurrerako pausoan
inoiz ez atzera;
inguratzen bagara
kupelen ertzera
gauza bat dago garbi
txotxetik txotxera:
grazia aparteko
edaria zera.

3-Urdaira
“Ez dut nahi hemen nire
burua juzkatu
baina ez kezkatu
nire graziya nahi dut
zuekin ospatu;
aspaldi hartu nuen
hementxe ostatu
bi mendek dezakete
hau egiaztatu
pentsa zenbatek nauen
Urdairan dastatu”.

4-Udarregi
Behin agertu zituen
gure Udarregiyak
Juan Joxe haundiyak
Pello Errotarentzat
arrazoi garbiyak;
honela jaso ditu
gure memoriyak:
aitortuko ditugu
publiko egiyak
gure kolejiyuak
sagardotegiyak.

5-Sagardoa alkate
“Zenbat maitasun eta
zenbat borondate
sortzetik gaur arte
denok sagardozale
onak baitzerate;
herritar askok hala
aitortu didate
eta usurbildarrek
halaxe naukate:
aspaldiko urtetan
herriko alkate”.

6-“Usurbildarra naiz”
“Eguzkiak eguzki
ta ekaitzak ekaitz
ez da hain sinesgaitz
hementxe nauzuela
aspaldiko garaiz;
kontu honek ez badu
inor jartzen bekaitz
aitortuko dizuet
sentimentu alaiz:
jatorriz ni neu ere
usurbildarra naiz”.

7-Hamazazpigarrena
Hiruzpalau tragoxka
edo agian bortz
egiteko asmoz
kupel artera zuzen
Urdairara gatoz;
barruak inoiz esan
dezakenarren otx!
mantsoagatik, mugi!,
mugi, mekaben zotz!
hamazazpigarrenez
egin dezagun txotx!

8-“Poliki edantzak!”
“Merezi ditzaket nik
zuen alabantzak
guztion gorantzak
baina, aizak, hirekin
zauzkat nik zalantzak,
ikusi besterik ez
hor hire balantzak
azkenik ez dik, motell,
hire ipur-dantzak,
hemendikan aurrera
poliki edantzak!”

9-Laster arte!
Sagardoak berekin
hainbeste botere
txarrik ez batere
hori sagardozale
denontzat mesede;
lagun leiala izan
dugun mendez-mende
gaur ere portatu da
jator, alafede!
gaizkitxo goaz berriz
etortzeko ere!

10-Gora sagardoa!
Ez bada izan ona,
hortik onakoa
guretzat gaurkoa!
zertxobait edan dugu
agian mordoa;
berriro elkartzea
ez da milagroa
beraz honako hauxe
guk azken tragoa,
agur Urdaira eta
gora sagardoa!