Saioa Fernandez: “Udako eskolak bitarteko oso egokiak eta interesgarriak dira”

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 9a, 12:25

Ez gara jabetzen sarritan, zer nolako arrisku egoeratan egoten garen. Atzera bueltarik ez duten lesioak izan arte. Eta lesioren bat dugunean nola jokatu? Hartutako Kalte Neurologikoaz aritu da hizketan, Saioa Fernandez usurbildarra, DYAko boluntario batekin batera, aste hasieran Usurbilgo Gaztetxean abiatu ziren udako eskoletan. Uztailaren 18ra arte, hezkuntza, ekonomia eta historiari loturiko gaiak jorratuko dituzte beste hainbat saioetan. Doakoak eta irekiak gainera, aurrez izen eman beharrik ez.

Nolatan animatu zinen Udako Eskoletan parte hartzera?
Saioa Fernandez: Eskolen berri NOAUA! bidez jaso nuen. Oso aukera ona zela iruditu zitzaidan. Erizaina naiz. Bizkarmuineko lesioen inguruan lan egiten duen AESLEME elkartean aritua. Praktika txarrengatik ze lesio hartu daitezkeen eta lesioak gertatzean, lesioak ez areagotzeko pertsona hori nola mugitu azaltzea aukera ona zela iruditu zitzaidan. Horretarako, DYAko boluntarioen laguntza interesgarria izango zela pentsatu nuen. Elkarlanean aritu naiz. Alde teorikoa azaldu nuen nik eta DYAko boluntarioarekin mobilizazioak landu genituen.

Hartutako kalte neurologikoa zure udako eskolako mintzagaia. Zer da zehazki?
Burezurreko traumatismo bat edo buruan kolpe handi bat izatean, hezurra puskatzen da eta hezurraren barruan dagoen garuna biguna denez, hor lesio batzuk sortzen dira. Buruak lobulu ezberdinak ditu eta horietako zein geratzen den ukitua, lesio horiek bizitza osorako izaten dira; adibidez, memoria, hitzak gogoratzeko, ikusmena, usaimena, puntu asko geratzen dira kaltetuak bizi osorako. Honez gain, burukoaz aparte, lesioak gertatzen dira baita bizkarrezurra puskatzen delako, bizkarmuinaren ondorioz puskatzen da eta lesioa gertatu den puntutik behera, ezer ez da sentitzen. Sentitzen ez duzuna ezin duzu mugitu; orduan gertatzen dira tetraplegiak, paraplegiak edo lesio osoak, partzialak... Lesioa gertatutakoan trapu bat bezala mugitzen baduzu pertsona bat, lesioak areagotu egiten dira. Horregatik eskaini dut saioa DYArekin elkarlanean, beraiek material egokiarekin baitatoz. Pertsona ondo mugitzen dute lesioak ez areagotzeko. Hori zen landu nahi nuena.

Kontatzen duzunagatik, gai honetan ere sentsibilizazio falta dugu?
Asko. Jendeak konturatu behar du, egiten ditugun gauza guztiek, batzuetan txorakeriak iruditu edo ondoriorik ez dutela uste izan arren, badute eraginik. Honekin ezin da esan gauzak ezin direnik egin. Nahi dugun guztia egin dezakegu, baina beti ere segurtasun neurriak hartuta. Obra batean adibidez, krisiagatik baliabide gutxiago egonda, ez dira segurtasun neurri egokiak hartzen. Pertsona bat obran dago, erortzen da eta agian bizi osorako lesio medular bat izan dezake. Ondorioz, etxea, autoa egokitu behar da, bitarteko asko behar dira. Bizitza osorako da, zu, zure ingurua dena aldatzen duena eta horretaz jabetu behar gara. Oso interesgarria iruditzen zitzaidan uztailean saio hau eskaintzea, Donostia ospitaleko larrialdi zerbitzuetan lan egiten baitut. Uda beti da garai txarra. Burua galdu eta itsasora buruz botatzen denak artatzen ditugu. Kontuan izan behar da, burezurreko traumatismoa denean, eta lehenengo bi ornoak puskatzean, hor gertatzen den lesio medularrak askotan pertsona arnasgailu artifizial batekin uzten du. Lehenengo hiru eta laugarren zerbikaletan ematen diren lesioak ere oso inbalidanteak dira, besoak ere ezin baitituzte mugitu. Eta guztia, burua galtzen dugulako, txorakeria batengatik gertatzen direnak. Udaro izaten ditugunez halako kasuak, une ona zen hau guztia azaltzeko.

Arrisku ikusezinak direla dirudi?
Badirudi guri ez zaigula gertatuko sekula. Baina bai, gutako edonori gerta dakiguke. Egun, garai batean baino kontzientziatuagoak gaude auto istripuetan zer gertatzen den, edo bizikletan. Baina hauez gain, badira arriskutsuak diren praktika batzuk. Udako eskolan adibidez, whatssap bidez jasotako bideo bat erakutsi genuen. Donostian, mutil batek korrika baranda gainetik hondarretara salto egiten duenekoa. Lesio horiek ez dira sendatzen, halako praktikek bizi osorako lesio oso larriak uzten dituzte.

“Aukera ona beste esperientzia batzuen berri jasotzeko, ikusteko"

NOAUA! Nola ikusten duzu ideia bezala udako eskola hauek ospatzea?
Saioa Fernandez. Niri ideiak piloa motibatu zidan. Bitarteko oso egokia eta interesgarria iruditzen zait, bakoitzak duen jakintza hori besteei zabaltzeko. Aukera ona, jendeak ze jakintza dituen edo ze ekarpen  nahi duen eta bakoitzak dakiena besteei zabaltzeko. Interesgarriak diren gaiak denei helarazteko.

Doakoak eta irekiak dira gainera.
Bertaratu eta tokia hartu. Jende guztiari zabalik daude udako eskolak, gazte eta helduei eta nahi duen orori. Doakoak dira. Aukera ona beste esperientzia batzuen berri jasotzeko, ikusteko. Eta indarra hartzen badute, hurrengo urteetan errepikatzeko.

Datozen eskolak
Uztailak 11, ostirala
17:00 Mahai-ingurua: “Hezkuntzaren beharra gaur egun”.

Uztailak 14, astelehena
17:00 “Ekonomia rock and rolling”. Hizlaria: Luken Arkarazo. Azken 50 urteotako ekonomiaren bilakaera musikarekin alderatuz.

Uztailak 16, asteazkena
17:00 “Italiako ultraeskuinaren augea”. Hizlaria: Xuban Zubiria.

Uztailak 18, ostirala
17:00 Mahai-ingurua: “Udako Eskolen balorazioa”.

Tokia: Usurbilgo Gaztetxea.
Oharra: saioak libreak eta irekiak izango dira, nahi duen oro gerturatu liteke.
Antolatzaileak: Usurbilgo gazte talde bat.