Hondakinen inguruko erakusketa zabalik gaurtik, Sutegiko aretoan

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 10a, 11:03

“Hondakinek ez dutelako zertan zabor izan” erakusketa antolatu du Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak, Usurbilgo Udalak lagunduta, uztailaren 10etik 16ra, Sutegiko aretoan. 


“Orain indarrak eraikuntzan zentra ditzakegu” 
Iazko azaroan, errauste plantaren mehatxua desagertu ostean, barne gogoeta prozesu batean murgildu zen Gipuzkoa Zero Zabor mugimendua. Ordutik, eta hilabete hauetan eginiko lanketatik berregituratuta, indartuta eta datorren urterako plangintza eskutan dutela irten dira. ZZ Ingurumen Babeserako Elkartea izango denari buruz, datorren ikasturteaz, eta orain arteko gogoeta prozesuaz hitz egin du NOAUA!k berregituraturiko mugimenduko usurbildar ordezkariekin.


Barne hausnarketa betean egon zarete. Zertarako egin zaizue probetxugarria, barne gogoetarako hartu duzuen denbora tarte hau?
Sortu ginenetik gauzak abiada handian gertatu dira. Eguneroko lanak, burua altxa eta aurrera perspektibarekin begiratzea zaildu du. Errauste planta bertan behera gelditzearekin aro berri batean sartu gara eta hori egiteko une aproposa zen. Horren beharra zegoen, helburuak eta bidea argi edukitzea garrantzitsua da, gainerakoan bitarteko helburuak sakralizatu egiten ditugu eta norabidea gal dezakegu. Errealitatea aberasten joan da praktika zehatzekin, eta guk, errealitate hori barneratu eta egokitu behar dugu. Bestetik, errauste plantak eragiten zituen hainbat baldintza desagertu dira. Atzean zegoen lobbyaren interes ekonomikoek tartean egoteari utzi diote, modu zuzenean egoteari behintzat, hautes lehiak eragiten dituen interesak dira orain Zero Zabor eredua zapuzteko geratzen den arrazoi nagusia. Errauste plantak hamarkadetako kudeaketa eredua baldintzatuko luke. Hori gelditzeko borrokak denbora eta ahalegin asko kentzen zizkion zero zabor ereduaren eraikuntzari. Orain indarrak eraikuntzan zentra ditzakegu.

Berrantolaketa bat egin duzue mugimendu barruan. Bateratzerantz jo duzue. Herrietan osatuak zeuden zero zabor taldeetan nola eragingo du berrantolaketa honek?
Eraginkortasuna bilatu behar dugu. Lan asko dago egiteke eta ezin dugu honetan jartzen dugun ahalegina alferrik galtzen utzi. Bere garaian Zero Zabor mugimenduak azkar hazi behar zuen herrietan gertatzen ari ziren aldaketei azkar erantzun ahal izateko, bereziki bilketan eman den iraultzari erantzuteko. Horretarako talde autonomoak sortzea abantaila da, erraz sortzeko eta abian jartzeko aukera ematen baitu. Baina arazoak ere sortzen ditu horrek. Lanak errepikatu egiten dira, lanerako prest dagoen jendea erre egiten da taldetik tiraka ibili behar badu, mezuan koherentzia falta egoten da... Horiek denak bideratzeko egituratu eta artikulatu beharra dago. Horretarako formula da bateratzearena. Kideak hartu duten konpromezu mailaren arabera antolatu gara, bakoitza eroso egongo den tokian ekarpena egin dezan. Usurbil Zero Zabor taldea osatzen genuenok elkarte berrian txertatu gara eta horren dinamikan barruan jardungo dugu. 8 kide gaude konpromiso maila hauekin: 3 talde eragilean (1 zubietarra), 1 konpromisoduna eta 4 laguntzaile. Herrira mailako ekimenetarako UZZ marka erabiltzen jarraituko dugu.

Gogoeta prozesutik, izen aldaketa etorri da. Izenak izana ere adierazten duen neurrian, izen aldaketarekin zer adierazi nahi duzue?
Zero Zabor helburuaren aldeko mobilizazioa Gipuzkoan sortu zen, errauste plantak eragindako lurrikararen ondorioz. Baina hondakinen kudeaketa jasanezinaren arazoa ez da Gipuzkoara mugatzen. Arazo globala da. Euskal Herriko beste herrialdeetan arazoa dago eta Gipuzkoan ez bezala ez dira ari konpontzen. Honetan aritu nahi duen jendea dago eta lekua egiteko une egokia dela iruditu zaigu. Lehendik ere Ingurumen Babeserako Elkartea ginen. Orain hori gehiago azpimarratzea nahi dugu. Eskubide batez ari gara eta horrek agerian egon behar du.

ZZ Ingurumen Babeserako Elkartea, Euskal Herrira zabaldu asmo duzuen mugimendua izango dela iragarri duzue. Gipuzkoako eredua hedatu asmo duzue beste herrialdeetara?
Zero Zabor eredua da hedatu nahi duguna. Gipuzkoa erreferente garrantzitsua da noski, emaitza ikusgarriak lortzen ari delako eta gertutasunagatik, baina herrialde bakoitzean bere baldintzetara egokitu behar da bilakaera.

Zabor edukiontziei gerra deklaratuz agertu zarete berriz jendaurrera. Datorren ikasturterako lotua duzuen plangintzaren ardatz nagusia izango da?
Abiatu dugun hausnarketan mahai gainean, eztabaidaren erdian jarri beharreko zenbait elementu identifikatu ditugu. Horietako bakoitzarekin kanpaina bat egingo dugu urtean zehar. Zabor edukiontziarena lehenengoa da, irailerarte luzatuko dena. Elementu hori (zabor edukiontzia) hor egoteak ez dauka zentzurik arazoa sortzeko besterik ez du balio eta. Kentzen den kasuetan bilketa emaitzak izugarri hobetzen direla ikusi ahal izan da gainera.

Sortzez besteko ordainketa sistemaz: “eredu bihurtzea gustatuko litzaiguke”
Udal eta foru hauteskundeak, hondakinak kudeatzeko azpiegitura berriak martxan jartzea… 2015ean ere, hondakinen kudeaketa jendartearen eta eragileen ahotan izango da. Legegintzaldi amaiera honetan, zuen ikuspuntutik, lau urteotan zer nolako bidea jorratu du Gipuzkoak Zero Zaborrerantz?
Askotan gauzen perspektiba galdu egiten dugu. 2011n erraustegiaren hatsa nabaritu genezake garondoan. Ia dena lotuta zeukaten bultzatzaileek, besteak beste azken orduan eta ez-ohiko batzarrean proiektua onartzearen ondorioz. Mehatxu hori desaktibatzeaz gain, 4 urtetan Gipuzkoa mailan, birziklapena bikoiztu da, sortzen den zabor kopurua heren bat gutxitu da, konpostatzaile kopurua izugarri hazi da.. Ia Gipuzkoako herrien erdiak %70etik gorako emaitzak lortzen ditu, Europa mailan praktika onen eredutzat gauzkate… eta hau guztia ez da oraindik bukatu, hobekuntza tarte handia dago. Kontzientziazioan ere izugarri aurreratu da Gipuzkoan, sekula baino gehiago. Askotan, kontzientziazioa eta praktika eraginkorren ezarpena gauza kontrajarriak bailiran planteatzen dizkigute, baina oso bestelakoa dela ikusi dugu, osagarriak direla, batak besteari positiboki eragiten diote elkarri.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, Usurbil aitzindari dugu berriz, Euskal Herrian. Nola baloratzen duzue, indarrean jarri berri den sortutako hondakinen araberako ordainketa sistema berria?
Hondakinen kudeaketa egoki bat egiteko arrazoi nagusia herritarren osasuna eta ingurumena dira. Baina kudeaketa egoki batek ekonomian eragin positiboa dauka eta eragin positibo hori herritarrei iritsi behar zaie. Hala dagokie, injustizia bat zuzentzera dator, eta gainera, diruarena guztiok ulertzen dugun hizkuntza izanda, jarrera egokiak bultzatzeko neurri eraginkorra delako. Atez atekoaren ezarketarekin bezala hau ere gainontzeko herrientzat eredu bihurtzea gustatuko litzaiguke. Zero Zabor helburura iristeko bidean beste urrats garrantzitsu bat da.