Arratsaldeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan, Usurbilgo Elkartasun Taldeak eta Usurbilgo Gaztetxeak deituta. Bi eragileok antolatu duten mobilizazioaren bidez, 160 hildako baino gehiago eta milatik gora zauritu eragin dituen Israelen azken egunotako erasoaldia salatu nahi da, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera. “Israelen Nazioarteko Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa eta Lurralde Palestinarraren okupazio ilegala berriro ozenki salatzen dugu. Giza Eskubideen bortxaketa hauek herri palestinarra osoari zigortzeko planifikatuak eta diseinatuak direla jabetzen gara. Hau dela eta, Palestinar herriari gure babesa, elkartasuna eta errespetua adierazteko, Usurbilgo herritarrak ostiralean 20:00etan Mikel Laboaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu”, luzatu dute gonbita elkarretaratzea deitu duten eragileek.
Mobilizatzeko deialdiaren harira, honako idatzia helarazi dute NOAUA!ra:
Palestinarekin elkartasuna
Israel Palestinan gauzatzen ari den eraso militarren aurrean gure hunkipena eta Palestinarekiko elkartasuna adierazten dugu. Indarkeria areagotzen aste bete pasa eta gero, israeldarren azken eraso militar honek 160 pertsonatik gora erail dituela eta gutxienez beste 1.000 pertsona zauritu dituztela salatzen dugu, gehienak zibilak dira.
Era berean, Israelek bonbardaketaz aparte, Gazako eremuan, ura, elektrizitatea eta erregaitzen aldizkako mozketa egiten jarraitzen du. Jakina da 2007. urtetik biztanle hauek Israelgo Gobernuak inposatutako blokeo ilegala pairatzen dutela, eta giza hondamendirako arriskua dagoela ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak. Egun hauetan, milaka eta milaka palestinar ikastetxeetan eta Nazio Batuen egoitzan babes bila dabil Gazan.
Israelen Nazioarteko Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa eta Lurralde Palestinarraren okupazio ilegala berriro ozenki salatzen dugu. Giza Eskubideen bortxaketa hauek herri palestinarra osoari zigortzeko planifikatuak eta diseinatuak direla kontzienteak gara.
Hau dela eta, Palestinar herriari gure babesa, elkartasuna eta errespetua adierazteko, Usurbilgo herritarrak ostiralean 20:00etan Mikel Laboaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu.
Usurbilgo Elkartasun Taldea eta Usurbilgo Gaztetxea.