Ostiralean Palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

EHBilduUsurbil 2014ko uzt. 16a, 19:56

Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen, ehundaka lagunen atxiloketa, milaka etxeen miaketa, suntsituak izan ez direnean, eta hamarnaka palestinar erailketa (haurrak barne), orduz ordu hasten doan heriotzaren balantze bat osatuz. Eskalatze militarrak gora egin du du azken orduotan, gaueko bonbardaketekin, mugan tanke eta soldaduen metaketarekin eta Gazatik Israelera jaurtitako misil eta suziriekin batera.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. Ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da, honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzen.

Horregatik EH Bilduk bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten dugu. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere. Hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, Israelek ulertzen duen moduan, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.

Nazio Batuek onartutako mugak dituen estatu palestinar bideragarri baten aitortza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau.

Usurbilgo EH Bilduk Usurbilgo Elkartasun Taldeak eta Gaztetxeak ostiral honetarako deitu duten elkarretaratzearekin bat egiten du. Bi eragileok antolatu duten mobilizazioaren bidez, 180 hildako baino gehiago eta milatik gora zauritu eragin dituen Israelen azken egunotako erasoaldia salatuko dute, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera. “Israelen Nazioarteko Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa eta Lurralde Palestinarraren okupazio ilegala berriro ozenki salatzen dugu. Giza Eskubideen bortxaketa hauek herri palestinarra osoari zigortzeko planifikatuak eta diseinatuak direla jabetzen gara. Hau dela eta, Palestinar herriari gure babesa, elkartasuna eta errespetua adierazteko, Usurbilgo herritarrak ostiralean 20:00etan Mikel Laboaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu”

Usurbilgo EHBilduk dei egiten die usurbildarrei ostiraleko elkarretaratzean parte hartzeko. Ezin gara etxean geratu. Palestinarrei gure elkartasuna adierazi diezaiegun!

PALESTINARI ERASORIK EZ!

www.usurbil.ehbildu.eus