Uda "hasi" genuenetik izan dugun egunik beroena espero da ostegun honetarako. 33-36 gradu arteraino igo daitezke tenperaturak. Abisu horia ezarri du Euskalmet-ek. Beroaldiak ez du askorik iraungo halere. Ostegun honetarako iragarpenen arabera, "ezegonkortasuna ere handiagoa izango da. Eguna eguzkitsu hasiko da, baina arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira, eta eguna amaitzerako baliteke ekaitza lehertu eta zaparrada batzuk botatzea, batez ere ipar isurialdean. Haizea hegoaldetik ipar-mendebaldera aldatuko da arratsaldean; kostaldean bat-batekoa eta zakarra izan liteke aldaketa, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Eguerdian eta arratsaldean bero handia egingo du; tenperatura 30 eta 35 ºC artekoa izango da, eta zenbait lekutan 35 ºC-ko muga ere gaindituko egingo da".
Eguraldiak okerrera egingo du berriz, datozen egunotan:
"Ostiralean goizean goizetik lainotuago egongo da, hodei baxuekin kostaldean eta inguruetan. Hegoaldean, aldiz, goizean giro eguzkitsua nagusituko da. Arratsaldean ezegonkortasuna handitu egingo da, eta oso litekeena da zaparrada trumoitsuak botatzea, batez ere ipar isurialdean; zenbait lekutan handiak izan daitezke. Goizean ekialdeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldekoa, bereziki kantauri isurialdean. Tenperatura jaitsi egingo da apur bat, baina, hala ere, sargori egingo du oso. Araba eta Nafarroa hegoaldean berriz tenperatura apenas jaitsiko den, eta maximoak baliteke 35 ºC-ra hurbiltzea.
Ekaitzerako joera eta giro freskoagoa larunbatean. Goizaldean zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake, baina goizean lasaialdia izango da; tarteka eguzkitsu egongo da, nahiz eta zerua aurreko egunetan baino estaliago egon. Arratsaldean giro ezegonkorrarekin jarraituko dugu; zaparrada trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Goizean hego-mendebaldeko haize suabea ibiliko da, eta arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura nabarmen jaitsiko da, bereziki barnealdean, eta tenperatura altuenak 25 eta 30 ºC artekoak izango dira".