EH Bilduk bat egin du, palestinarrei elkartasuna adierazteko ostiraleko elkarrateratzearekin

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 17a, 17:44


Usurbilgo Elkartasun Taldeak eta Usurbilgo Gaztetxeak ostiral arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan, palestinarrei elkartasuna adierazteko deitu duten elkarrateratzearekin bat egin du Usurbilgo EHBilduk. Koalizioak  "dei egiten die usurbildarrei ostiraleko elkarretaratzean parte hartzeko. Ezin gara etxean geratu. Palestinarrei gure elkartasuna adierazi diezaiegun!". 

Hona hemen, mobilizazio honen eta palestinarrak pairatzen ari diren egoera latzaren harira EH Bilduk kaleraturiko oharra:

"Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen, ehundaka lagunen atxiloketa, milaka etxeen miaketa, suntsituak izan ez direnean, eta hamarnaka palestinar erailketa (haurrak barne), orduz ordu hasten doan heriotzaren balantze bat osatuz. Eskalatze militarrak gora egin du azken orduotan, gaueko bonbardaketekin, mugan tanke eta soldaduen metaketarekin eta Gazatik Israelera jaurtitako misil eta suziriekin batera.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. Ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da, honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzen.

Horregatik EH Bilduk bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten dugu. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere. Hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, Israelek ulertzen duen moduan, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.

Nazio Batuek onartutako mugak dituen estatu palestinar bideragarri baten aitortza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau".