Palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea 20:00etan, Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 18a, 09:40

Usurbilgo Elkartasun Taldeak eta Usurbilgo Gaztetxeak deitu dute ostiral arratsalde honetako mobilizazioa. 200etik gora hildako baino gehiago eta milatik gora zauritu eragin dituen Israelen azken egunotako erasoaldia salatu nahi da, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera. “Israelen Nazioarteko Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa eta Lurralde Palestinarraren okupazio ilegala berriro ozenki salatzen dugu. Giza Eskubideen bortxaketa hauek herri palestinarra osoari zigortzeko planifikatuak eta diseinatuak direla jabetzen gara. Hau dela eta, Palestinar herriari gure babesa, elkartasuna eta errespetua adierazteko, Usurbilgo herritarrak ostiralean 20:00etan Mikel Laboaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu”, luzatu dute gonbita elkarretaratzea deitu duten eragileek. 

Mobilizatzeko deialdiaren harira, honako idatzia helarazi dute NOAUA!ra:

Palestinarekin elkartasuna
Israel Palestinan gauzatzen ari den eraso militarren aurrean gure hunkipena eta Palestinarekiko elkartasuna adierazten dugu. Indarkeria areagotzen aste bete pasa eta gero, israeldarren azken eraso militar honek 160 pertsonatik gora erail dituela eta gutxienez beste 1.000 pertsona zauritu dituztela salatzen dugu, gehienak zibilak dira.

Era berean, Israelek bonbardaketaz aparte, Gazako eremuan, ura, elektrizitatea eta erregaitzen aldizkako mozketa egiten jarraitzen du. Jakina da 2007. urtetik biztanle hauek Israelgo Gobernuak inposatutako blokeo ilegala pairatzen dutela, eta giza hondamendirako arriskua dagoela ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak. Egun hauetan, milaka eta milaka palestinar ikastetxeetan eta Nazio Batuen egoitzan babes bila dabil Gazan.

Israelen Nazioarteko Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa eta Lurralde Palestinarraren okupazio ilegala berriro ozenki salatzen dugu. Giza Eskubideen bortxaketa hauek herri palestinarra osoari zigortzeko planifikatuak eta diseinatuak direla kontzienteak gara.

Hau dela eta, Palestinar herriari gure babesa, elkartasuna eta errespetua adierazteko, Usurbilgo herritarrak ostiralean 20:00etan Mikel Laboaren plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu.

 

 Usurbilgo Elkartasun Taldea eta Usurbilgo Gaztetxea.



Usurbilgo EH Bildu: "Palestinarrei gure elkartasuna adierazi diezaiegun!"
Usurbilgo Elkartasun Taldeak eta Usurbilgo Gaztetxeak ostiral arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan, palestinarrei elkartasuna adierazteko deitu duten elkarrateratzearekin bat egin dute Ernai gazte erakundeak, baita Usurbilgo EHBilduk ere. Koalizioak  "dei egiten die usurbildarrei ostiraleko elkarretaratzean parte hartzeko. Ezin gara etxean geratu. Palestinarrei gure elkartasuna adierazi diezaiegun!". 

Hona hemen, mobilizazio honen eta palestinarrak pairatzen ari diren egoera latzaren harira EH Bilduk kaleraturiko oharra:

"Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen, ehundaka lagunen atxiloketa, milaka etxeen miaketa, suntsituak izan ez direnean, eta hamarnaka palestinar erailketa (haurrak barne), orduz ordu hasten doan heriotzaren balantze bat osatuz. Eskalatze militarrak gora egin du azken orduotan, gaueko bonbardaketekin, mugan tanke eta soldaduen metaketarekin eta Gazatik Israelera jaurtitako misil eta suziriekin batera.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. Ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da, honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzen.

Horregatik EH Bilduk bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten dugu. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere. Hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, Israelek ulertzen duen moduan, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.

Nazio Batuek onartutako mugak dituen estatu palestinar bideragarri baten aitortza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau".