Gazteek osaturiko elkartea izan da urteotan Zubietako Jai Batzordea. "Halere, urtean zehar antolaketa lanetan gu aritzen garen arren, festetan herritar askoren laguntza jasotzen dugu eta eskertzekoa da". Bestalde, Zubieta berez herri txikia denez, jaietan herri giroa bilatzen da. "Azkenean, jaietako zazpi egunak denon artean harremantzeko eta denok batera jaiez gozatzeko aitzakiak dira", halaxe aitortu ziguten haien antolatzaileek aurreko astean eskaini ziguten elkarrizketan.
Errelebo bat eman da jaien antolakuntzan?
Aurten izan da aldaketa handienetarikoa. Azkenean konturatzen gara zenbat lan dagoen festa hauek antolatzen. Kanpotik ikusten dena eta gero barruan zenbat lan dagoen ikustea, desberdina da. Bi udal izanda gainera, tramiteekin lan bikoitza izaten da. Pauso asko eman behar dira. Iaz adibidez, festak bukatu eta gutxira, Donostiako Udaletik aurtengo egitaraua osatzeko datak eskatu zizkiguten. Udalen arazo handiena da, mugak ez daudela oso argi.
Festa gunea ere bitan zatitua dago ezta?
Frontoia Donostiakoa eta plazako zati batzuk Usurbilgoak omen dira. Elizako ate bat donostiarrena, bestea usurbildarrena…
Eta jai egun asko, lana biderkatuko du horrek?
Jai egun guztiak, ez dira goizetik gauera arteko jai egunak, baina denetan dago zerbait. Egun batean etenaldia izaten da, nahita hartzen dugu egun hori, jarraian datorren Gau Pasa Eguna antolatu eta atseden hartzeko.
Santioetan denetarik egitea egokituko zaizue ezta?
Guretzat festak lehenago hasten dira. Urteroko lanaz aparte, bizpahiru egun lehenago, plazan mugimendua izaten da txosnak eta oholtza muntatzen… Batzutan bada inpresioa, oraindik prestaketa lanetan aritzen garela festak hastear diren unean.
Inguruetako herrietan gorabeherarik izaten da jende mugimendu aldetik. Zuek zer sumatzen duzue Santioetan?
Lasarte eta Usurbilgo lagun asko etortzen dira, bi herrien tartean gaudelako. Kontzertu handiren bat dagoenean ere kanpokoak etortzen dira. Ez dugu arazorik izaten alde horretatik. Usurbil eta Lasarteko jendearekin kontatzen dugu gehienbat beti, bai baitakigu etorriko direla ia seguru. Jendeak ondo pasatzen du gainera.
Zubietara datorrena oroitzapen politarekin joaten delakoan gaude.
Jaietako egun jendetsuenak…
Kontzertu gauetan; Gau Pasa egunean, larunbatetan. Beste egunetan herriko jende nahiko ibiltzen da, Jubilatuen Egunean adibidez. Umeen Egunean, Usurbilgo eta Lasarteko haurrak etortzea tokatu izan zaigu. Egunean zehar ere jendea ibiltzen da.