Haur Eskolako guraso talde batek gutun hau helarazi digu. Bertso baten bitartez, hezitzaileak eta Haur Eskolaren inguruan dabiltzanen lana goraipatu nahi dute. “Mila esker Usurbilgo Haur eskolako hezitzaile guztiei gure haurrak hezten laguntzeagatik. Aurtengoei eta aurreko urteetakoei. Mila esker, hainbeste eta hainbeste egiteagatik. Hainbeste pardel goxo-goxo aldatzeagatik, liskarrak bideratzeagatik eta ekiditeagatik. Muxu eta besarkada goxo horiengatik. Mila esker zuri ere, Amaia sukaldaria, hain janari goxoak prestatzeagatik. Baita zuri ere Daniel, ate, bixagra, armairu eta abar konpontzeagatik. Denoi mila esker, gure haurrak hain zoriontsu izaten laguntzeagatik. Esker onezko idatzi hau, gure haurren hezitzaile izan direnei bazkarian eskaini genien bertsoarekin amaitu nahi izan dugu.
Nola laburtu barruan
pilatutako zirrara
Lixkarrak, muxu goxoak
negar-malko , par-algara
Sokapeko pasioak
Herrira ta azokara
Susiren doinu leuna
aiton-amonei eupada
Bazkaldu osteko siestan
lurrin goxodun izara
Josune, Vero, Nerea
Loraine eta Ainara
Bihotz txikion barruan
gorde dugu dena iada
Momentu gozo hauetaz
beti oroituko gara.
2-3 urtekoen geletako gurasoak”