40 tona tapoi batu ditu Beñat Lizasok

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 23a, 10:01

Bi urte eta sei hilabeteren ondoren, tapoi bilketari amaiera eman dio Beñat Lizasok. “Azkenean,  40 tonelada tapoi lortu ditugu. Ez da lan erraza izan, baina ilusio handiarekin eta familia, lagun eta pertsona askoren laguntzarekin lortu dugu”, NOAUA!ri igorritako idatzian jakin dugunez. Korrika egiteko protesi bat erostea du helburu.

“Azken ebakuntzaren ondoren, hanka berriro jartzen hasi naiz eta pixkanaka berriz ibiltzen ikasi behar dut. Baina nire helburua berdina da: korri egitea. Beraz, hau lortzen dudanean jakinaren gainean jarriko zaituztet”, hala azaldu nahi die Beñatek kanpaina honetan parte hartu duten guztiei.
“Azkenik, eskerrak emateko idazten dizuet, zuek gabe hau ez bainuen lortuko. Eskerrik asko usurbildarrei!”.  Bilketa hau ordea, Usurbildik haratago joan da. Eta beste herri batzuetan ere harrera beroa izan du. Haiei ere eskerrak emateko asmoa du usurbildar gazteak.

Usurbilgo mugak gainditu ditu Beñaten ekimenak

Bi ikasturtetan jarraian, Irungo Txingudi Ikastolan plastikozko tapoi bilketa egin dute, Beñaten alde. Hitz hauekin azaldu zuten egitasmoa, ikastolako web orrian.

“Bilketa honen helburua Beñat Lizaso gazteari laguntza ematea da. 13-14 urterekin bizikletan zihoala, kamioi batek harrapatu eta hanka galdu zuen. Handik aurrera ere kirolari izaten jarraitu du: palan ibiltzen da gurpildun aulkian, bizikletan ibiltzen da, igerian egiten du,… Bere ametsa eta erronka korri egin, triatloian parte hartu eta Brasilen 2016an izango diren  Olinpiar Jokoetan parte hartzea da.
Korri egin ahal izateko hanka bateko protesia behar du. Protesi horrek, baina, prezio altua du, eta diru hori eskuratzen lagunduko diogu tapoiak bilduz”.